Atzoko panorama errepika daiteke astearte honetan ere; 35-40 gradu izan ditzakegu datozen orduotan. Eta atzo bezala, gaur ere alerta laranjan izango gara egun osoz, aipatu moduan, "muturreko tenperatura oso altuengatik. Tenperatura maximoak 35 ºC-ra igo daitezke kostaldean, 39 ºC-ra kantauri isurialdearen barnealdean, 38 ºC-ra iragate-zonan eta 39 ºC-ra Ebro ondoko eskualdean". Abisu horian jarraituko dugu baita, tenperatura altu iraunkorragatik. "Tenperatura minimo/maximoak kostaldean 22/35 ºC ingurukoak izan daitezke, kantauri barnealdean 21/39 ºC ingurukoak, iragate-zonan 20/38 ºC ingurukoak eta Ebro ondoko eskualdean 20/39 ºC ingurukoak". Baso-sute arriskuagatik ere abisu horiaren eraginpean izango gara astearte honetan. "Baso-sute arriskua altua da EAEn, tenperatura altuagatik, hegoaldeko haizeagatik eta hezetasun erlatibo baxuagatik", ohartarazi du Euskalmet-ek.
Beroaldia ez da asko luzatuko. Aldaketa iragarri dute gaur arratsaldetik aurrera:
Iragarpena
Uztailak 19, asteartea
"Gaur ere giro itogarria espero dugu. Zerua hodei gutxirekin egongo da, soilik arratsaldean eta gauean bero-hodei batzuk sortuko dira barnealdean. Tenperatura maximoetan ez da aldaketa handirik espero eta oso altuak izango dira, beroenak 39-40 ºC-ren bueltan egongo baitira berriro hainbat puntutan. Haizea egunaren lehenengo partean hego-ekialdetik joko du, baina eguerditik aurrera, mendebaldetik ekialdera mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da, lehenengo kostaldean eta arratsaldearen bukaeran kantauri isurialdeko barnealdean eta beroa apaldu egingo du. Haize aldaketa honekin, Bizkaiko kostaldean tenperatura maximoak baliteke atzo baino gradu batzuk beherago geratzea".
Uztailak 20, asteazkena
"Asteazkenean freskatzera egingo du. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta honela tenperatura lurralde osoan asko jaitsiko da. Dena dela, barnealdean tenperatura maximoak oraindik 30 ºC-tik gora ibiliko dira eta 25-27 ºC-ren bueltan kostaldean. Zeruan ere aldaketa ikusiko dugu, hodeiguneak tartekatuko dira eta han-hemenka zaparradaren bat edo beste bota dezake, bereziki arratsaldean".
Uztailak 21, osteguna
"Ostegunean tenperaturak jaisten segituko du. Zeruan hodei ugari egongo da eta euri apur bat egin dezake, ipar partean bereziki. Ipar-mendebaldeko haizea ahul-bizi ibiliko da eta tenperatura maximoak asko jaitsiko dira barnealdean eta gutxiago kostaldean. Honela, beroenak 23-26 ºC-ren bueltan ibiliko dira, asteartekoak baino 15 ºC beherago".
Informazio eguneratua: euskalmet.euskadi.eus