Usurbilgo Udalak abian duen “Errioa bizi!” egitasmoaren baitan, parte hartze tailerra antolatu du astearte honetarako, uztailaren 19rako 19:00etan Potxoenean. “Jakingo duzuenez, prozesu honen azken helburua Oria ibairako Ekintza Plana garatzea izango litzateke, eta prozesu honetan dagoeneko inkestak eta elkarrizketak egin dira. Asteartean berriz, proposamenak helarazteko tailerra egingo da. Bertan, ekintza konkretuen ekarpenak jaso nahiko genituzke ikuspegi zabal batetik begiratuta (paisajistikoa, naturala, ingurugiroari lotutakoa, ...). Ekarpen horien inguruan hitz egin eta etorkizunera begirako Ekintza Plana landuko da. Nahiz eta urruti geratzen dela dirudien, orain da garaia ekintza horiek proposatzeko, beraz garrantzitsua deritzogu jendearen partehartzea”, nabarmendu dute Udaletik.
Paisaiaren kalitatea, nabarmen murriztua
Parte hartze prozesua udaberriaz geroztik martxan du Udalak. Gai honi buruzko inkesta bat betetzeko aukera izan du herritar orok azken aldian. Aurretik ordea, eragile multzo batekin elkarrizketa erronda bat egin zuten egitasmo honetako sustatzaileek. Errioa eta inguruak biziberritzeari buruz zuten ikuspegia jaso nahi zuten. Paisaiari buruz galdetu zieten, ia urteotan aldaketarik sumatu ote duten. Elkarrizketatu guztiek baietz zioten. Paisaiaren kalitatea nabarmen murriztu dela “eta ondare kulturala, arkitektonikoa, etnografikoa eta inmateriala ikaragarri galdu dela”. Industrializazioak ekarritako bizimodu aldaketa nabarmentzen dute. Aldiz bizi-kalitateak hobera egin duela diote, nahiz azken urteotako krisialdiak kolokan jarri duen.
Herri honek baditu hainbat berezitasun, zaindu beharrekoak, eragileon ustez. Usurbilgo paisairi originaltasuna ematen diote, “Oria ibaiak berak eta honen ondoan zabaltzen den lautadak, meandroek, “mariskoek”, txitxardinek… Bereizteko ezaugarrien artean ere eragileek zera aipatzen edota azpimarratzen dute: herri gune banaketa, Usurbilgo kaxkoa, landa eremu zabalak, bertan ekoizten diren produktuak, ondo kontserbatuak dauden esparruak, Andatza, beste mendiak…”.
Erraustegia, mehatxu
Inguruotako paisaiarako mehatxutzat jotzen dute gehienek, hogei elkarrizketatutik hamabostek, “fabriken kutsadura, plan orokorraren gehiegizko dimentsionamendua, Zubietako errauskailua, zaborra, mendiko motorrekiko zaletasuna, baserriaren krisia, laborantza trinkoa, monolaborantza, azpiegitura batzuk… Halere gehien errepikatzen direnak: errauskailua eta industrien kutsadura dira”.
Generoaren ikuspegia ere txertatu zuten galdetegian. Emakumeentzat zailtasun edo arazoak eragin zitzaketen zer nolako paisaiak ditugun galdetzen zuten. “Gizarte matxista batean bizi garela onartzen dute, horrek dakarrenarekin: gehienetan ez da emakumeen beharren arabera planifikatzen edo kudeatzen”, jasotzen du galdetegiko emaitzen laburpenak.
Non eragina bada eragileontzat. Batez ere degradatutzat jotzen dituzten industriaguneetan. Errio ertzeetako esparruak berreskuratu eta naturalizatzeko beharra nabarmendu dute. Oria inguruaz gozatzeko paisaia-begiratokiak jartzea proposatzen dute. “Mendia eta ibaiaren arteko lotura edota korridore ekologikoak ezarri”, hori ere eskatu dute elkarrizketatuek. Ibai ertzeei dagokienean, inguru hau herri eta auzoekin lotuko duen bidegorria eraikitzea, bertako espezieak bultzatu eta birlandatzea, eta kanpokoak desagerraraztea. Eremuotan gainera, “nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin lotutako jarduerak bultzatu eta mantentzea ere galdegiten dute”. N-634 errepidearen “inpaktuak arintzeko neurriak jartzea” ere eskatu dute. Bideok ezkutatzeko “ondoan pantaila begetalak eta bisualak ezarri” eta bide ondoetan dagoen landaredia moztu edo bere neurrian mantendu eta ikus dadila.
Emaitzak, sarean
Aurrera begira, halako parte hartze prozesuak beharrezkotzat jotzen dituzte, herritarrek gaiotan duten iritzia kontuan hartzea ezinbestekoa dela diote. Lehen faseko emaitzen laburpena, usurbil.eus udal web orrialdean sartu eta “Errioa bizi!” izeneko loturan klikatuta irakur dezakezue, egitasmo honi buruzko gainerako informazioa ere jaso daiteke.