Elkartasun jaialdi handi baten erdigunea izango da Usurbil, irailaren 25ean. Irrien Lagunak Klubetik sortutako Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteak bideraturiko ekimena ospatuko da herri honetan bi hilabete barru. Irabazi asmorik gabeko elkarte honek, "izaera bereziko haurren babes eta arretarako elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede. Bizipoza du misio: hainbat zailtasun bizi dituzten familiekin poza partekatzea, euskaraz eta sorkuntzatik. Auzolana du bisio: deneriko herritar, talde eta erakundeek osaturiko bolondres-sarea osatzea gizartegintzaren poza bizitzeko".
Izaera bereziko gaiak azalarazi nahi dituzte, "Euskal Herriko ume zein helduak sentsibilizatuz". Errealitate hori lantzen duten elkarteei laguntza afektibo eta baliabide funtzionalak eskaini eta "gizartegintzan euskaraz eta bizipozez jardun nahi duten herritarrei auzolan egitasmo eraginkorra eskaintzea". Urtero helburu sozial zehatz bat gizarteratu nahi dute, "partaide diren izaera bereziko haurren babeserako elkarteekin adostuko duena eta bat egiten duten norbanako, talde eta erakundeekin batera gauzatuko duena". Horretarako antolatzen dute Bizipoza Jaia, "helburua gizarteratu eta dirua biltzeko". Aurtengoa Usurbilen ospatuko da, irailaren 25ean.
Laguntzarako deia
Egun osoko elkartasun festa izango da; joko, tailer, postu, Irrien Lagunen edota Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bisitak aurreikusten dira. Elkarte honek, Usurbilgo herritar eta eragileekin elkarlanean ospatu nahi du ekimena eta dagoeneko prestaketa lanei begirako bilerak egiten ari dira Potxoenean. Hurrengo batzarra, astearte honetan, uztailaren 19an izango da, 18:30etan Potxoenean. Herritar eta eragileen ekarpenak bildu nahi dituzte hitzordu honetan. Egitaraua lantzen joan eta antolaketa lanak bideratu.
Jaialdia behar bezala ospatzeko laguntzaileak beharko dituzte elkarteen informazio postuak, itxitura eta hesiak eta ekimen ezberdinetako azpiegitura muntatu eta desmuntatzeko, aparkalekuak eta herriko sarrerak zaintzeko, txartelen salmentarako, begiraleak antolatuko diren tailerretarako… Laguntzeko prest dadenei, datorren astearteko batzarrera joateko gonbita luzatzen zaie. Informazio gehiago: bizipoza.org