Udalak Berdintasunerako II. Plana abiarazi du

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 20a, 13:50

Usurbilgo Udalak urteak daramatza emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde lanean. 2010. urtean Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Tokiko Plana martxan jarri zuen martxan, lau urteko epealdirako. Horren indarraldia amaituta, II. Planaren diseinuari ekingo diote. Zenbait herritarrekin elkarrizketak izan ondoren, webgunean galdetegi bat prestatu du Udalak. Abuztuaren 15era arte, galdetegia erantzuteko aukera izango da. Hauxe esteka: INKESTA.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Plana (2017-2020) diseinatu aurretik, “aurreko planaren ebaluazioa egin nahi dugu, eta berdintasunaren ikuspegitik egungo egoeraren gakoak non dauden aztertu nahi dugu”, udal iturriek NOAUA!ri jakinarazi diotenez. “Modu honetan, jakin ahal izango dugu, azken urteetan, berdintasunaren bilakaera nolakoa izan den, zertan egin dugun aurrera eta zertan ez”.

Esan bezala, aurten bi lanketa garrantzitsu egitea aurreikusten ditu Udalak:

-Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako I. Planaren ebaluazioa.

-Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Planaren diseinua.

Partehartze prozesu bat jarriko da martxan

“Lan hauek guztiak egiteko, parte-hartzeko prozesua jarriko dugu martxan, Elhuyar Aholkularitzaren laguntzaz. Horrela, hainbat iturritatik eratorritako datuak aztertzeaz gain, informazio kualitatiboa jasotzeko eta lantzeko hainbat bide jorratuko ditugu”, Udaletik aditzera eman dutenez.

Usurbilgo Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planaren diseinuan parte hartu nahi duen guztiak Udaleko berdintasun-teknikaria den Maria Salsamendirekin harremanetan jar daiteke 943 377 110 telefono-zenbakira deituz.