2016ko udal zerga-ordenantzako hobekuntzak, behin betiko onartuak

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 21a, 07:14

Maiatzaren 31n hasieraz onartu eta jendaurreko epean inork erreklamaziorik aurkeztu ez duenez, behin betiko onartu ditu Usurbilgo Udalak, 2016rako zerga-ordenantzan proposaturiko aldaketak. "Publikoki argitara­tzeko arauzko epea bete da eta 2016ko maia­tza­ren 31n egindako bilkuran, zerga, tasa, prezio publiko, kontribuzio berezi eta zerga kudeaketaren zerga-ordenan­tza­ren aldaketaz Udal Batza­rrak hartutako erabakiari ez zaio inolako erreklamazio edo oharrik aurkeztu, beraz, erabaki horrek behin betiko izaera har­tzen duela", hala berri eman du asteazken honetako, uztailaren 20ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak.

Hobekuntzak, 2016ko Zerga Ordenantzan

Gobernu taldeak aurtengo Zerga Ordenantzan zenbait aldaketa egitea proposatu zuen maiatzaren 31ko osoko bilkuran. Batetik, eraikuntza, instalazio eta obrei buruzko zerga ordenantzaren araudian, energia aurrezteko instalakuntzak jartzen dituztenentzat %95eko hobariak jasotzeko erraztasun edo aukera gehiago eskaintzeko. Aurrerantzean “existitzen diren eraikinen kasuan, araudiak ezarritako parametroak betetzea ezinezkoa denean ere aplikagarri izango da, baldin eta modu eraginkorrean energia aurreztea lortzen bada”.

Hileta zerbitzuetako tasan ere aldaketak txertatzea proposatzen du udal gobernu taldeak. Batetik, Aginagako eta Usurbilgo hilerriko zerbitzuengatik ordaindu beharreko diru kopuruaren artean bazen alderik orain arte. “Justifikatua ez zegoen ezberdintasuna”, udal gobernu taldetik azken osoko bilkuran aipatzen zutenez. Egoera hau aldatzea proposatzen dute. Honez gain, hilerri zaharra husteko bidean da. Bertan diren gorpuak ateratzeko ordaindu beharreko diru-kopuruan ere aldaketak egin nahi ditu gobernu taldeak. Gaiak tratamendu berezi bat behar zuela ikusita, gorpu bat baino gehiago atera behar dituztenen kasuan, prezioa murrizteko ahalegina egin asmo dute.

Ordainketak errazten

Udal kirol zerbitzuei loturiko zerga ordenantzan ere zenbait xehetasun aldatu nahi ditu gobernu taldeak. Besteak beste, 18 urte betetzen dituztenei 18 urtez azpikoen tarifa aplikatuko zaie. Beste modu batera esanda, helduen tarifa 19 urtetik gorakoentzat izango da. Bestalde, abonuak automatikoki urtero luzatuko dira. Baja eman nahi duenak, abenduaren 20a baino lehen bideratu beharko du eskaera. Beste bi aldaketa; 100 eurotik gorako kostua duten urte osoko ikastaro eta abonoak bi zatitan ordaindu ahalko dira. Eta “ordainketak, txartel bidez edo Kiroldegiak horretarako dituen kontu korronteetan egin beharko dira. Ez da onartuko 10 eurotik gorako ordainketarik eskudirutan”.

Aldaketok gehiengo osoz behin behinean onartu zituen udalbatzak maiatzaren 31ko osoko bilkuran, EHBilduren eta PSEren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen. Finkatua zegoen epearen baitan, erreklamaziorik aurkeztu ez denez erabakia behin betiko onartutzat jo da.