Erraustegiari loturiko proiektua onartuko dute gaur, mobilizatzeko deia Donostian

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 28a, 08:24

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioa, Zubietako erraustegia eraikitzen hasteko tramitazio prozesua aurreratzen doa. GHK-k ostegun honetan, uztailaren 28an onartuko du erraustegia eraiki eta kudeatzeko proiektua. Proiektua onartuta, eskaintzak aurkezteko bi hilabeteko epea izango omen dute enpresa interesdunek.

Maindire txuriekin agertzeko deia

Aipatu moduan, gaur esleituko du GHK-k, erraustegia eraikitzeko proiektua. Adi egoteko deia egin du Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak sare sozialen bidez. "Uztailaren 28an erraustegia martxan jartzeko pausuak eman behar dituzte, udara erdian, eztabaida eta parte hartzerik gabe. Jokaldia ikusita irudimenez erantzutera dei egiten dugu, Hilaren 28an 11:00etan Gipuzkoa plazan, ekarri zure maindirea eta lagunak. Erraustegia nire izenean ez!", luzatu dute gonbita.

Gipuzkoa Zutik mugimenduak ere bat egin du deialdiarekin. "Datorren ostegunean, minbizia eragingo duen makina zikin batekin gipuzkoarrok 35 urtetarako zorpetuta utziko gaituzte egungo agintariek... noiz eta uztailak 28an, herritarren gehiengoa oporretan denean. Erraustegiaren aurkako mugimenduak deialdi hau zabaldu du", diote Gipuzkoa Zutiketik, eta mobilizazioan parte hartzera animatzen dute jendea.