Tiburtzio Arrutiren bilaketa-lanetan herritar asko aritu dira egunotan. Mikel Usabiaga atzo izan zen Arantzazu aldean. Telefonoz aitortu digunez, “Tiburtzio betidanik izan da mendizalea”. Andatza Mendizale Elkartean ibili zen garai batean. Azken urteotan, Gure Pakea Jubilatuen Elkartean burubelarri aritu da. Gure Pakearekin 2014ko abenduan antolatu zuen zeharkaldi batekoa da ondoko argazkia. Taldeka ez ezik, mendira bakarrik joateko ohitura ere bazuen.
Ostegunean halaxe abiatu zen Arantzazutik Aloña Mendi aldera, bakarrik. Bi egunez desagertuta egon ondoren, gaur topatu dute bere arrastoa. Erreskate-lanetan Ertzaintza, Gurutze Gorria, DYA, Foru Aldundiko teknikariak eta bolondres ugari aritu dira. Eguerdiko 13:00ak aldera antzeman dute 69 urteko usurbildarraren gorpua. Argazkia: SOS Deiak.
"Jendearekin egotekoa zen"
Mikel Usabiagak adierazi digunez, mendian ibiltzeko trebezia zuen. 1995ean, Udarregiren urteurreneko ospakizunetan, mendi zeharkaldi bat antolatu zuten Tiburtzio Arrutik eta Mikel Usabiagak. "Aiatik, Udarregi jaio zen baserritik Usurbilerainoko zeharkaldia prestatu genuen elkarrekin". Puntu jakin batzuetan txalapartariak aritu ziren mendi-martxa girotzen. "Usurbildik Aiara autobusez joan ginen eta buelta, mendiz mendi egin genuen. Jendetza batu ginen", Usabiagak aditzera eman digunez. Beraz, Tiburtzio mendizale izateaz gain, ondo ezagutzen zituen inguruak, eta bazekien mendian batetik bestera mugitzen. "Betidanik mendizale aparta izan da".
Jendetasuna ere bazuen. Mikel Usabiagak aditzera eman digunez, "joaten zen tokira joaten zela, jendearekin egotekoa zen".
Gure Pakea Jubilatu Elkartean, buru belarri
Gure Pakea Jubilatuen Elkartean burubelarri aritu da azken urteotan. Santixabel jaietan, Artzabalen egin ziren toka zein bola txapelketetan Tiburtzio aritu zen antolatzaile lanetan.
Ezkerretara eserita, Tiburtzio Arruti. Aurtengo Santixabel Egunean, bola txapelketa antolatzen.