Tiburtxio Arrutiren senideak: "Bihotzez, eskerrik asko"

Noaua Aldizkaria 2016ko uzt. 23a, 21:54

Ostegunean desagertu zenetik, herritar askoren babesa gertutik sentitu dute Tiburtxio Arrutiren senideek. Egun hauetan jaso duten babesa eskertzeko, ondoko idatzia igorri dute NOAUA!ren erredakziora:

"Tiburtxio Arruti zenaren emazte, seme-alaba eta gainerako senideok gure eskerrik beroena agertu nahi dizuegu, idatzi honen bidez, joan den ostegunean Aloña inguruko mendi istripuan hil zen Tiburtxioren izenean, haren erreskate-lanetan eskuhartu zenuten udal agintari, larrialdi eta basozaintza zerbitzuetako teknikari eta oro har, Arantzazura hurbildu zineten gainerako boluntario eta herritar guztioi. Bihotzez eskerrik asko".

NOAUA! Kultur Elkartean faltan botako ditugu Tiburtxioren bisitak. Maiz hurbiltzen zen hona, bereziki Gure Pakea Jubilatuen Elkarteko oharrak ekartzera. Boligrafoz, letra eder batekin txukun-txukun idatzitako idatziak ekartzen zizkigun. NOAUA! elkartearen izenean, gure doluminak bere etxekoei eta lagunei.

"Mendizale aparta izan da"

Mikel Usabiagak eguerdian adierazi digunez, mendian ibiltzeko trebezia zuen. 1995ean, Udarregiren urteurreneko ospakizunetan, mendi zeharkaldi bat antolatu zuten Tiburtxio Arrutik eta Mikel Usabiagak. “Aiatik, Udarregi jaio zen baserritik Usurbilerainoko zeharkaldia prestatu genuen elkarrekin”. Puntu jakin batzuetan txalapartariak aritu ziren mendi-martxa girotzen. “Usurbildik Aiara autobusez joan ginen eta buelta, mendiz mendi egin genuen. Jendetza batu ginen”, Usabiagak aditzera eman digunez. Beraz, Tiburtxio mendizale izateaz gain, ondo ezagutzen zituen inguruak, eta bazekien mendian batetik bestera mugitzen. “Betidanik mendizale aparta izan da”.

Jendetasuna ere bazuen. Mikel Usabiagak aditzera eman digunez, “joaten zen tokira joaten zela, jendearekin egotekoa zen”.

 

Gure Pakea Jubilatu Elkartean, buru belarri

Gure Pakea Jubilatuen Elkartean burubelarri aritu da azken urteotan. Santixabel jaietan, Artzabalen egin ziren toka zein bola txapelketetan Tiburtxio aritu zen antolatzaile lanetan. Hutsune handia utzi du Gure Pakean.