GuraSOSek erraustegiari buruz erabakitzeko prozesu bat irekitzeko eskaerari ezezkoa eman dio Aldundiak. Erabaki honek herritarrenganako begirune eza adierazten duela uste du elkarte honek, “eta gizarteari dei egiten diogu, orain, inoiz baino gehiago, bere ahotsa entzunarazi dezan”. Abuztuko azken asteburuan “Abuztock” errebolta baketsua antolatu du, eta urrirako mobilizazio handi bat ari dira prestatzen. Era berean, Aldundiaren erabakiari eta lizitazioaren tramitazioari errekurtsoak jarri dizkiotela adierazi dute.
Abuztock
70. hamarkadan iraultza eta bakearen ikur bihurtu zen Woodstock jaialdiari keinua eginez, Abuztock jaialdia antolatu dute abuztuaren 27-28ko astebururako. "Badakigu erronka ez dela erraza gauden datengatik, baina hortxe datza bere espiritua. Gonbidapen bat da, herritarrek modu baketsuan eta jendartekotasunez gure desadostasuna adieraz dezagun. Errebolta baketsu bat".
Aieteko Jauregian antolatu nahi dute (Bakea eta Giza eskubideen jauregian) bilera-piknik formatuan. Bertan artea, literatura, filosofia, zuzenbidea, kirola, gizarteko ordezkariek eta esateko duen edozeinek parte-hartzeko eskubidea, gizarte kohesioa osasunaren lehentasuna, haurren babesa, ingurumenaren babesa eta antzeko gaiei buruz hiru minutuko diskurtsoak egiteko aukera izango dute. "Horiekin batera, musikariak ere izango ditugu, gai hauei buruzko kantak eskainiko dizkigutenak. Ekitaldi honetan parte hartu nahi duten guztiek jarri daitezela gurekin harremanetan komunikazioa@gurasos.org helbidera idatziz".
Urrian mobilizazio handia
Ikasturte hasierarekin batera "gure informazio dinamikarekin jarraituko dugu ikastetxe, guraso elkarte eta abarretan. Era berean, sinadura bilketa ere berriro aktibatuko dugu. Era berean, hezkuntza mundutik abiatuta, urrirako mobilizazio handi bat egiteko asmoa dugu". Aurrerago emango dituzte xehetasun guztiak.
Ekimen juridikoa
Uztailaren 29an eginiko prentsaurrekoan, bi errekurtso jarri dituztela adierazi zuen GuraSOSeko ordezkariak: alde batetik, Aldundiak parte-hartze prozesuari emandako ezezkoari, eta bestetik, lizitazioaren tramitazioa martxan jartzeari.