Lurzaindiaren egitasmoak sustatzeko 3.400 euro batu dira Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2016ko abu. 2a, 12:38

Iragan martxoan, Lurzaindiak diru-bilketa bat abiarazi zuen. Erronka ez zen makala: 400.000 euro batu nahi zituzten “laborantza herrikoia bultzatzen duten etxalde ttipiak erosi eta laborari berrien instalatzea laguntzeko”. Usurbilen, Nafartarrak taldeak bideratu du kanpaina hau. Hilabeteotan, 3.400 euro batu dituzte herrian. Lerro hauen bitartez, ekarpena egin dutenei eskerrak eman nahi dizkiete.

Nekazaritzako lurrak “espekulazioen atzaparretatik zaindu eta laborantzan hasi nahi duten gazteentzat erosten” saiatzen da Lurzaindia.  “Lurraldearen ekonomian laguntzen duen laborantza herrikoi eta tokiko baten garatzeko”.

Urte hasieran abiarazi zuten diru bilketarekin, bi etxalde erosi dira: bat Ainharben eta bestea Arüen.

Arüengo etxaldean Amila Abou-Antoun ari da lanean. Lurzaindiatik jakinarazi zutenez, “bere proiektua Alpesetako behi beltz esnedun behikiekin instalatzea da”. Laborantza biologikoan ari da eta esnea etxean bertan eraldatzen du.

Beste etxaldea Ainharben dago. Diru ekarpen honen bitartez, Johane Foirienek eta Lutxo Herrerak bere artaldea gobernatzen jarraitu ahal izango dute.

Oraindik bada diru ekarpenak egiteko aukera

Hauek eta beste ekimen gehiago babesteko aukera dago oraindik, Lurzaindiako harpide eginez. Euro bateko akzio bidez biltzen du dirua Lurzaindiak, gutxienez hogei euro inbertitu behar direlarik.

Beren webgunean formula ezberdinak planteatzen dituzte aukeran. Dirua gutxienez bost urtez bertan uztea eskatzen da, erakundeak finantza aldetik lasaitasunez funtzionatu ahal izateko eta baserritar gazteak instalatu daitezen inbertsio berriei ekin ahal izateko.

Datu gehiago ondoko web gunean: www.lurzaindia.eu