Eskaintza zabaltzen doa Urdaiagako Lartzandieta baserrian kokaturiko Lar Zaldiak. Orain arte bezala, aurrerantzean ere zaldi gainean osteratxoak egiteko aukera izango da. Aisialdira bideratuagoak dauden irteera hezigarrietan parte hartzeko aukera dago bertan, jarduera hau ezagutzen hasi nahi dutenentzat aproposa. Baina probatu, “gustukoa izan eta ezagutzan sakondu nahi duenarentzat, formazioa jasotzeko aukera du”, adierazi digute Lar Zaldiak-etik.
Bertako kide Silvia Simonek prestakuntza teknikoa eskainiko du, jarduera honetan maila teknikoan sakondu nahi duenarentzat. Prozesu luze baten ostean, ibilbidean zehar eginiko lanketari esker, azkenean jarduera honetan irakasle gisa aritzeko teknikari titulazio ofiziala eskuratua du Simonek.
Gutxi dira, berarekin lau bat baino ez Gipuzkoan titulazio maila hau dutenak. Dagoeneko badute taldetxo bat prestakuntza jasotzen, “pare bat urte daramatzatenak, oso gustura”. Maila ezberdinetako formazioa jasotzeko aukera dago Lar Zaldiak-en.