Lanean hasi nahi duten 15-17 urte arteko gazteei bidea jorratzen laguntzen diete Atallun kokatua dagoen Oinarrizko Lanbide Heziketan. Bertan ikasi dutenen esanetan, hezkuntza eskaintza honek asko eman die. Eta lanean munduratu ondorengo bidea ere oparoa izan ohi da ikasle askorentzat. Bi lekukotza segidan.
Irune Arizmendi: “Hemen bezala, inon ez zaituzte mimatzen”
Zergatik erabaki zenuen Oinarrizko Lanbide Heziketan ikastea?
Ikastea betidanik kosta izan zait. DBH-ko 2. maila errepikatu nuen. Hirugarren mailan nengoela onena ikasketoi ekitea izango zela proposatu zidaten. Hori esan zidatenean mundua gainera jausi zitzaidan.
Zer zenuen entzunda?
Jendeak uste du ikasketa hauetara jarrerarengatik zatozela. Ikastea kostatzen zitzaidalako etorri nintzen ni. Gogoan dut, Atallura etorri ginenean ez nuen sartu nahi. Gero irakasleak ezagutu nituenean ondo, taldearekin ere gustura.
Zer moduz moldatu zinen bi urteko ikasketotan?
Ordu eta erdiz teoria jasotzen genuen graduatua ateratzeko, gainerako orduetan ileapain–tzaile ikasketak. Oso arina da. Bi urteak oso azkar pasa zitzaizkidan.
Ondo prestatuta atera zarete gainera.
Bai. Oinarri eta lanketa handia eginda goaz jarrera mailan, maila teknikoa ere oso ondo landuta. Ofizioari loturiko gai guztiak jorratzen dira. Dena da baliagarria gerorako. Jakinda zoaz.
Ikasketak amaituta zer ibilbide egin duzu orain arte?
Praktikak egin ostean, Monte Albertiako zikloetan izena eman nuen. Aldi berean Donostiako ileapaindegi batean aritu nintzen urtebetez. Bigarren ikasturtean, Parisen praktikak egitea egokitu zitzaidan. Hilabeterako joan nintzen.
Zer moduzko esperientzia izan zen?
Oso ona. Handik bueltatzean, Tolosako ileapaindegi batean praktiketara joan nintzen eta gaur egun bertan segitzen dut lanean, oso gustura. Aurten lanean, beste titulu batzuk ateratzeko aprobetxatu dut. Hurrengo urtean goi maila egitera noa.
OHL ikasten hastear doanari zer esango zenioke?
Animatzeko, jarrera ona izatea, laguntzen utzi, eta gogoa jartzea.
Estitxu Frias: “Irtenbide egokia lanean hasi nahi duenarentzat”
Lanbide Eskolan izena ematearena, nola otu zitzaizun?
Ez zegoen buelta askorik. Ikasi nahi ez genuenok “zip” bat egin behar genuen. Garai haietan ez genuen aukera asko. Sukaldaritza hautatu nuen, gerorako ere ondo etorriko zitzaidalakoan. Azkenean horretan lanean bukatu dut. Zailagoa izan zen, ikasketa hauek bukatu eta sukalde batera lanera joatea.
Zer moduzkoa izan zen ikasketa prozesua?
Lehenengoan Xabi Tellorekin ikasten aritu ginen, bigarrenean Joxemari Alduntzinekin. Ia erabat praktikoa izan zen, beti sukaldean sartuta. Gogoan dut lehen egunean arrautz frijitu bat egiten jarri ziguten. Nik banekien plater batzuk prestatzen, baina batzuk ez zekiten ezer egiten. Zerotik hasi ginen.
Ikasketak bukatu eta nola oroitzen duzu lan munduratzen lagundu zizun lehen esperientzia?
Beldur pixka batekin. Oso ondo tratatu zidaten nagusi eta lankideek. Lanerako giro oso sanoa zegoen. Lan asko egiten zen baina barre asko egiten genuen.
Atzera begira jarrita, ikasketokin asmatu zenuela esan dezakezu?
Bai. Lanerako ere bai baina gehienbat niretzat balio izan dit. Errezeta piloa dut karpetan. Oso oroitzapen ona dut eskolatik eta praktiketatik.
Zure esperientziatik, Oinarrizko Lanbide Heziketak irteera profesionala badu?
Beste ikasketa batzuk baino bide gehiago du. Niri lana behin ere ez zait falta izan. Xabi Tellok asko lagundu zidan. Konturatzerako Xabik lana bilatzen zidan. Langabezian 6 hilabete egongo nintzen. Bordatxon 10-11 urte daramatzat.
Norentzat litzateke egokia OLH?
Irtenbide egokia lanean hasi nahi duenarentzat. Aukera ederra da, prestakuntzaren iraupena motzagoa da. Ez da teoria asko sartzen dizuten leku bat. Oso eramangarria da.
Oinarrizko Lanbide Heziketa:
Eskaintza: sukaldaritza eta jatetxea; ile-apainketa eta estetika.
Informazio gehiagorako eta izen emateko:
Usurbilgo Udala. Atallu. Zanpiura, 3.
943 360 465
lhi@usurbil.eus