Ur zikin gutxiago erriora

Noaua Aldizkaria 2016ko abu. 12a, 10:43

Usurbilgo ur zikin gehienak kolektore bidez Loiolako araztegira doaz martxoaz geroztik, eta ez erriora, orain arte moduan. Ur zikin gehienak, baina ez guztiak. Oraindik Txokoalde, Aginaga eta Zubietako zenbait zonalde saneamendu sare horretatik kanpo baitaude. Egunotan errealitate hau aldatzen hastekoak dira, “Lasarte-Oria eta Usurbilgo kolektore nagusiaren eta Zubietako saneamenduaren arteko loturaren eta hondakin uren ponpalekuaren proiektua egikaritzeko obrak” abiatuko dituzte, Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez.

Ponpaleku bat eraikiko da Zubietako Aliriko zubiaren eta zerrategi arteko lur eremuan, egun Zubietan ubidera isurketak egiten diren gunearen alboan eta ponpaleku hau Usurbil eta Lasarteko interzeptorearekin lotuko da kolektore berri baten bidez. 340.000 euroko aurrekontua dute Urbycolan, S.L. enpresak egingo dituen lanok. Gastua Añarbe Urak S.A.k hartuko du bere gain. Azaroa amaierarako lanak amaituta egotea espero dute.