Abuztock, errebolta baketsuaren plaza

Noaua Aldizkaria 2016ko abu. 25a, 12:14

Udaberri partean osatu zenetik hona, GuraSOS taldeak partehartze prozesu bat abiarazteko eskaera egin dio Gipuzkoako Foru Aldundiari. Baina erantzuna, orduan eta orain, ezezkoa izan da. GuraSOSen proposamena, hitz gutxitan, hauxe da: erraustegiaren inguruan erabakitzeko parte-hartze prozesu bat zabaltzea. Ekimen juridikoa abiarazi dute eta, legeak bere bidea egiten duen bitartean, mobilizazioak antolatzen jarraituko dute. Abuztock jaialdia izango da hurrena. Irailaren 4an igandea, Donostiako Egia auzoko Cristina Enea parkean.

“Entzun beharko gaituzte”

Foru Aldundiaren “ezezko horri erantzuteko antolatu dugu Abuztock jaialdia”, GuraSOSek bere blogaren bidez aditzera eman duenez. 60ko hamarkadan, Amerikako Estatu Batuetan ospatu zen Woodstock jaialdi baketsuari keinu eginez. Hasiera batean, asteburu honetarako iragarrita bazegoen ere, irailaren 4an egingo da Abuztock: arratsaldeko 18:00etan, Donostiako Cristina Enea parkean. “Musika eta mini-hitzaldiak izango ditugu bertan. Guztiok gonbidatuta zaudete errebolta baketsu honetara. Entzun beharko gaituzte! Lagundu zabaltzen!”.

Hauxe osatu duten kartela. Partehartzaileen izenak aurrerago emango dituzte aditzera.