Gaur hasiko dira Atxegaldeko festak, eta Erraustegia Erabakia elkarteak kamisetak saltzeko mahaia jarriko duela iragarri du. Bi egunotan: abuztuak 26 ostirala, 20:00ak eta 21:00ak artean. Abuztuak 28 igandea, 12:00ak eta 13:00ak artean.
Uztailean iragarri zuten moduan, Erraustegia Erabakia taldeak herri galdeketa egingo du irailaren amaieran. Erraustegia egitea nahi den edo ez erabakitzeko aukera izango dute aginagar, usurbildar eta zubietarrek. Galdeketa mailakatua izango da, eta auzoka egingo da:
Galdeketa auzoka
Irailak 30, ostirala: 16:00-20:00 Aginaga.
Urriak 1, larunbata: 9:00-14:00 Santuenea.
Urriak 1, larunbata: 16:00-20:00 Zubieta.
Urriak 2, igandea: 9:00-20:00 Kaxkoa.
Galdetuko dena:
"Erraustegia egitea nahi al duzu? Bai ala ez?".
Erantzun posibleak:
"Bai" eta "Ez" dioten bi bozka paper izango dira aukeran.
Nortzuk parte hartu ahalko duten:
Usurbilen eta Zubietan erroldaturiko 16 urtetik gorako herritarrek. Guztira, 4.106 lagunek izango dute bozkatzeko aukera.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
DNI-NAN, EHNA+Errolda agiria, pasaportea edo gidabaimena.
Espainiar estatuak herritartzat hartzen ez dituen pertsonek dokumentuotako bat erakutsi beharko dute: bizileku-txartela, jatorrizko estatuak jaulkitako nortasun agiria edo pasaportea, nortasun agiria/ziurtagiria, edo gidatzeko baimena.
Oharra: kasu guztietan, aurkeztu beharreko dokumentazioan bizitokia Usurbil edo Zubieta dela agertu beharko da. "Hala ez bada, Udalaren erroldatze ziurtagiria eraman beharko da".