Irailaren 25eko hauteskundeetarako mahaikideen zozketa, datorren osoko bilkuran

Noaua Aldizkaria 2016ko abu. 26a, 09:05

Azken urteotan Usurbilgo Udalak ez du deitu izan osoko bilkurarik abuztuan. Oraingoan ordea bai, halabeharrez. Uztaila amaieran Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri moduan, irailaren 25ean ospatuko dira eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Legebiltzar berria osatzeko hauteskundeak. Egun horretan mahaietan lan egitea egokituko zaien herritarren arteko zozketa egingo du Udalak, abuztuaren 30erako deitu duen osoko bilkuran. Gogoan izan, mahai bakoitza lehendakari eta bi bokalek osatuko dute, eta hauetako bakoitzak bi ordezko izango ditu. Honenbestez, mahai bakoitzeko 9 lagun hautatu dira. Guztira, 72 herritar arduratuko dira, herrian zehar zabalduko diren 8 hauteslekuez. Aldaketarik ez bada, oraingoan ere bozkatzeko hiru mahai jarriko dituzte Udarregi Ikastolan, bi Kalezarko Haur Eskolan eta mahai bana, Santuenea Kultur Elkartean, Aginagako Herri Ikastetxean eta Zubietako Lanbide Eskolan.

Irailaren 25eko hauteskundeei begirako beste ohar bat; posta bidez bozkatu nahi duzuenok, eskaera Correosen bideratu behar duzue, irailaren 15a baino lehen.

Irailaren 25eko hauteskundeei begirako egutegia

-Irailaren 15era arte: posta bidez bozkatzea eskatzeko epea Correosen.

-Abuztuak 29: Hauteskunde Batzordeak hautagaitzak baieztatuko ditu.

-Abuztuak 30: 14:00etan, mahaikideen zozketa Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan.

-Irailak 5-18: hautesleei posta bidez bozkatzeko dokumentazioa bidaliko zaie.

-Irailak 5-21: posta bidez bozkatzeko aukera.

-Irailak 9-23: hauteskunde kanpaina.

-Irailak 24: hausnarketa eguna.

-Irailak 25: bozketa eguna.

-Urriaren 15a baino lehen: kargu hautetsiak aldarrikatzea.

-Azaroak 12-22: Eusko Legebiltzar berria osatzeko behin-behineko epea.

Informazio gehiago: irailaren 25eko hauteskundeak