Herri afari elegantea bart, Atxegaldeko jaien 10. urtemuga ospatzeko

Noaua Aldizkaria 2016ko abu. 28a, 15:55

Elegantea eta berezia, bart gauean Atxegaldeko jaietan ospatu den herri afaria. Urtero gai baten inguruan janztera animatzen dute Jai Batzordetik. Aurtengoan, afaritara "igandeetako" arropekin agertzeko gonbita egin dute. Eta gonbita onartu ere bai afaltzera joandakoek. Tartean, otordua bera girotzen aritu ziren The Hastelen´s taldekoak. Haiek sortutako abestiak, beste hainbat kanta ezagunekin tartekatuz, emanaldi bikaina eskaini zuten.

Igor Gorriti sukaldari usurbildarrak prestaturiko menua dastatu eta kantuan nahiz dantzan, festa giro ederra bizi izan zuten, gaua afaritara joandakoek. Batek baino gehiagok, Fun & Go eta Dj Baluarteren eskutik, goizaldeko ordu txikiak arte luzatu du parranda.

Oroitzen

Hamargarren edizioko afaria izan zen bart gauekoa. Urtemuga berezi hau, afarian bertan ikusi eta Jai Batzordeak proiektaturiko irudi bilduma berezia eskainiz gogorarazi nahi izan zuen Jai Batzordeak. Omenaldi eta eskertza modukoa izan zen, urteotan guztietan auzo honetako jaietan modu batean edo bestean laguntzen aritu direnentzat.

Saririk jaso zuenik ere izan zen afaritan. Urtero gazta txapelketa antolatzen du Jai Batzordeak. Eskuz esku ibiltzen den produktu honen pisua asmatzean datza ekimenak. Gurutze Portu izan da aurtengo saritua. Eta berarekin batera, ondoko irudietan duzuen gaztea eta familiari, bi lagunentzako otordua egokitu zaie, Atxegaldeko jaietako herri afaritara joatearen truke. Zorionak!