Irailaren 9a jai eguna dugu aurtengoan Usurbilen. Eta ez diogu soilik, datorren hilabeteko bigarren ostirala gorriz ageri zaigulako egutegian. Masusta Kofradia hilaren 9 horretan bilduko delako urtero moduan, Txirristra tabernan. Afaritara joan nahi duzuen guztiok, aurrez eman dezakezue izena aipatu edaritegian bertan. 2007. urtean bilgunea osatu eta martxan jarri zutenetik egin duten moduan, masustari gorazarre egingo diote afarian. Produktu honekin sukaldaturiko jakiak dastatu eta ereserkia abesteaz gain, kofrade kide berri bat izendatuko dute:
Eguna: irailak 9, ostirala.
Ordua: 21:00.
Tokia: Txirristra taberna.
Zehaztasunak: "2007. urtean eratu zen Masustaren Kofradia Txirristra Tabernan bost lagunekin. Geroztik, urtez urte ospatzen da irailean Krofradiaren Eguna. Dena jai eta kantu giroan ospatzen da. Ekintza erabat irekia da etorri nahi duen herritarrarentzat. Aurten, hamalaugarren kofradea izendatuko da".
Egitaraua:
-Afari irekia Txirristra tabernan (aldez aurretik izena eman).
-Kofradegaiaren aurkezpena.
-Jantzi banaketa eta janztea.
-Masustaren propietateen irakurketa.
-Kofrade berriaren zin egitea.
-Hurrengo urterako kofradegaiaren izendapena.
-Masustaren ereserkia.
Antolatzailea: Masusta Kofradia.
MASUSTAREN ERESERKIA
Larraren fruitu da bera
garaian zein ugaria!
ale txikiena ere
elikagaiz da haundia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.
Masusta heldu denean
beltza da bainan garbia
elikatzeaz gainera
arazten duen jakia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.
Erromatarrek zioten
oso estimu handia
guk ere gora dezagun
merezi duen guztia.
Horregatik, guk, zaleok,
izan dugu ausardia
Usurbilen eratzeko
masustaren kofradia.