Azken urteotan Usurbilgo Udalak ez du deitu izan osoko bilkurarik abuztuan. Oraingoan ordea bai, halabeharrez. Uztaila amaieran Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri moduan, irailaren 25ean ospatuko dira eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Legebiltzar berria osatzeko hauteskundeak. Egun horretan mahaietan lan egitea egokituko zaien herritarren arteko zozketa egin du Udalak, astearte honetarako, abuztuaren 30erako deitua zuen osoko bilkuran. Gogoan izan, mahai bakoitza lehendakari eta bi bokalek osatuko dute, eta hauetako bakoitzak bi ordezko izango ditu. Honenbestez, mahai bakoitzeko 9 lagun hautatu dira. Guztira, 72 herritar arduratuko dira, herrian zehar zabalduko diren 8 hauteslekuez. Aldaketarik ez bada, oraingoan ere bozkatzeko hiru mahai jarriko dituzte Udarregi Ikastolan, bi Kalezarko Haur Eskolan eta mahai bana, Santuenea Kultur Elkartean, Aginagako Herri Ikastetxean eta Zubietako Lanbide Eskolan.
Hautatuak izan diren herritarrek, egunotan jasoko dute Udaltzaingoaren jakinarazpena.
Posta bidezko bozka
Irailaren 25ean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ospatuko diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde prozesuari loturiko egutegia finkatua dago. Ohi bezala, bozka emateko aukera izango da iraileko azken igande horretan, egun osoz zabalik izango diren guneetan. Aldez aurretik ere bozkatu ahalko da. Irailaren 15era arteko epea duzue, posta bidez bozkatu nahi duzuenok, eskaera Correosen bideratzeko. Bestalde, aldi baterako nahiz modu iraunkor batean aterrizan bizi direnek irailaren 5era arteko epea dute boka eskatzeko.
Gogoan izan Usurbilgo Udalaren honako ohar hau: "Hautesle-errolda ekainaren 1ean itxi zen, beraz, Usurbilgo hautesle-errolda data horretara arte Usurbilen erroldatuta zeudenek osatuko dute. Ekainaren 1az geroztik Usurbilen erroldatutakoek ezin izango dute Usurbilen bozkatu, baizik eta momentu horretan erroldatuta zeuden herrian bozkatu beharko dute".
Irailaren 25eko hauteskundeei begirako egutegia
-Irailaren 5era arte: atzerrian aldi baterako edo iraunkorki bizi direnek bozka eskatzeko epea.
-Irailaren 15era arte: posta bidez bozkatzea eskatzeko epea Correosen.
-Abuztuak 30: 14:00etan, mahaikideen zozketa Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan. Hautagaitzak argitaratuko dira.
-Irailak 5-18: hautesleei posta bidez bozkatzeko dokumentazioa bidaliko zaie.
-Irailak 5-21: posta bidez bozkatzeko aukera.
-Irailak 9-23: hauteskunde kanpaina.
-Irailak 24: hausnarketa eguna.
-Irailak 25: bozketa eguna.
-Urriaren 15a baino lehen: kargu hautetsiak aldarrikatzea.
-Azaroak 12-22: Eusko Legebiltzar berria osatzeko behin-behineko epea.
Informazio gehiago: Irailaren 25eko hauteskundeak