GuraSOS: "Dei egiten diogu gizarte osoari, Abuztock jaialdira etor dadin"

Noaua Aldizkaria 2016ko abu. 30a, 13:55

Demokrazia, Eztabaida eta Adostasunaren aldeko jaialdia antolatu du GuraSOSek igande honetarako, irailaren 4rako, 18:00-20:30 artean Donostiako Gladys Enean (Egiako Cristina Enea parkean), "Osasuna lehendabizi. Guk erabakitzen dugu, entzungo gaituzte " aldarripean. Antolatzaileek astearte goiz honetan aurkeztu dute errebolta baketsua izango den ekimena, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

"70. hamarkadan iraultza eta bakearen ikur bihurtu zen "Woodstock" jaialdiari keinua egiten dio, bai eta Donostia 2016ko hiriburutzari ere", GuraSOSetik berri eman dutenez. Erraustegiari buruz erabakitzeko parte hartze prozesua abiatzea eskatu zuen guraso taldeak, baina Diputazioaren ezezkoa jaso zuten. Ezezko horri erantzun nahi diote orain Abuztock jaialdiaren bidez.  "Gonbidapen bat da, herritarrek modu baketsuan eta gizatasunez gure desadostasuna adieraz dezagun eta gure parte-hartzeko eskubidea aldarrikatu dezagun. Errebolta baketsu bat izango da. Dei egiten diogu gizarte osoari ABUZTOCK jaialdira etor dadin", deitu dute gaurko aurkezpenean.

Helegiteak aurrera jarraitzen du

Gogoan izan, uztailaren 5ean erraustegiaz erabakitzeko eztabaida eta parte-hartze prozesua abiatzea eskatu eta tramitatu zuela guraso taldeak. Eskaera horretan eztabaida hori egin arte, obren lizitazioa gelditzeko eskaera egin zioten Aldundiari. Uztaila amaieran Diputazioaren ezezkoa jaso zuten. Eta "obren lizitazioarekin aurrera jarraitzen dute", ohartarazi du GuraSOSek. Ezezkoa jaso ostean, helegitea aurkeztu zuen ordea guraso taldeak, "oinarrizko eskubideen babeserako prozedura berezia erabiliz". Tramitazio honen aurka agertu zen Aldundia, "baina abuztuaren 17an bi aldeen konparezentzia egin ondoren, epaileak atzera bota zuen Foru Aldundiaren eskaera. Beraz, prozedura bereziak aurrera jarraitzen du". Epaia aldekoa izatearekin pozik daude, baina gogorarazten dutenez, "argi utzi nahi dugu bide juridikoa ez dela GuraSOSen biderik garrantzitsuena, gizarte mobilizazioaren osagarri bat baizik. Epaitegiak ez dira izango arazo hau konponduko dutenak. Herritarroi dagokigu egungo egoera aldatu eta benetako parte-hartze prozesu batera iristea".

"Gizartearen ahotsa ozena bada, parte-hartze prozesua egingo da"

Panorama honetan, hondakinen kudeaketari loturiko gatazka batetik gatazka demokratiko batera pasa garela diote eta garaia dela, herritarra eta bere eskubideak defendatu, zientzialari eta teknikariak entzun, eztabaidatu, hausnartu, informatu, osasuna gehien bermatuko duen irtenbidea aurkitu, parte hartze prozesu bat ireki, mobilizatu eta errebolta egitekoa. "Gizartearen ahotsa ozena bada, parte-hartze prozesua egingo da", ziurtatu du GuraSOSek.

Testuinguru honetan antolatu dute igande honetarako Abuztock jaialdia. "Herritarren kopuru garrantzitsu batek modu adeitsuan eta lege tresnak erabiliz eztabaidatzeko eta parte-hartzeko egindako proposamenari emandako ezezkoak erantzun bat behar duela uste dugu. Eta lizitazioa udan egitea antidemokratikoa eta errefusatzeko modukoa dela uste dugu", diote guraso taldetik.

Abuztock jaialdiarekin batera, eta aurrerago zehaztasun gehiagoren berri emango duten arren, honatx GuraSOSek aurrera begira iragarri dituen beste 3 ekimen juridikoak: erraustegiaren lizitazioaren kautelazko suspentsioa lortzea; erraustegiaren Ingurumen Baimen Integratuaren iraungitze edo baliogabetzea lortzea bide administratibotik. Abuztuaren 29an gorako helegitea jarri zutela berri eman dute; eta azkenik, ingurugiro parte-hartze, hondakinen plangintza eta kontratatze gaietako Zuzentarauen ez-betetze larriengatik, kexak zuzenduko dituzte Europako Batzordera.

Egitaraua