Oriotik Igeldora igo eta handik Donostiara jaitsiko da, Bilbon abiatu eta Urdazubi-Dantxarinean amaituko den irailaren 2ko Espainiako Txirrindulari Itzuliko 13. etapa. Itzuli osoko jardunaldi luzeena izango omen dute txirrindulariek etzi; 213,4 kilometro bidea osatu beharko dute, helmugara iristeko. Gogoan izan, usurbildar bat ikusi ahalko dugula bidean; Haimar Zubeldia. Hamar etapa jokatu ostean, sailkapen orokorreko 37. postuan da Segafredo taldeko kidea.
Etenaldia trafikoan
Kostaldetik, N-634 errepidetik helduko da Itzulia Oriora. Ondorioz, halakoetan ohi den moduan, errepidea itxi egingo dute. Ostiralean Usurbildik Oriora joan asmo duzuenok beraz adi; 14:30ak aldera espero dituzte txirrindulariak bertan. Honenbestez, 13:30etan hasi eta Itzulia igaro arte, N-634 errepidea itxi egingo dute. Baita segidan, Oriotik Igeldora doan bidea ere.
Bestalde, ordu horren bueltan Lurraldebus zerbitzua baliatu behar duzuenok ere kontuan izan; N-634 errepidetik Usurbilerantz datorren autobus zerbitzuan ere eragingo du Itzuliak. "Baliteke zerbitzuen atzerapenak jasatea. Horregatik, ezin ditugu ohiko ordutegi eta ibilbideen funtzionamendua bermatu", ohartarazi du Lurraldebusek.
Irudia: artxibokoa.