Euskal Herria Bildu koalizioak Arnaldo Otegi aurkeztu zuen Gipuzkoako zerrendaburu eta eta lehendakarigai gisa, irailaren 25ean ospatuko diren hauteskundeetarako. Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak ordea, datozen bozketetara aurkeztea eragotzi dio Otegiri, "hautaezina" dela esanez. Astearte honetan kaleratu ditu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Gipuzkoako hautagai zerrendak, Arnaldo Otegiren hautagaitza gabe. EHBilduk Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakiaren aurka helegitea aurkeztuko duela iragarri du. Bere aurka egiten jarraituz gero, Auzitegi Konstituzionalera joko dute. Auzitegi horrek irailaren 9ko hauteskunde kanpaina abiatu baino lehen ebatzi beharko du.
Kanpaina abiatuko den gau horretarako, Otegiri babesa adierazteko herri afaria antolatu du Usurbilgo EHBilduk, iluntzeko 21:00etan frontoian. Kantuz eta musikaz alaituriko herri afaria izango dela iragarri dute sare sozialen bidez. "Arnaldori babesa agertzeko eta kanpainan daukagun ziurgabetasun eta egoera antidemokratikoaren aurka, Herri Afaria antolatu dugu Usurbilgo frontoian. Herri giro bikainean jaso nahi dugu Auzitegi Konstituzionalaren erabakia eta horretarako zuzenean, streaming bitartez ikusiko dugu Bilboko Areatzako Arnaldoren ekitaldia eta Konstituzionaleko erantzuna. Animatu zaitezte!".
Afaritarako sarrerak aurrez eskura ditzakezue Aitzagan, 15 euroren truke. 10 eurotan, ikasle eta langabetuek.