Errausketaren Aurkako Koordinadora, Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, CCOO, ESK, STEILAS, EHBildu, Ezker Anitza, Alternatiba, Podemos, Equo, Irabazi eta Duintasuna, eragile guztiok Kontxako Banderaren bigarren jardunaldi egunerako erraustegiaren aurka mobilizatzeko deia egin dute . Erraustegiaren aurkako giza-katea antolatu dute irailaren 11rako, goizeko 11:30etan, Donostiako Alderdi Ederretik Kontxako hondartzara jaisteko dagoen arrapalan, "Osasunaren alde, errausketarik ez, ez Zubietan, ez inon. Alternatiba: hondakinen murrizketa, berrerabiltzea, birziklatzea, konpostatzea eta... erreusa egonkortzea" aldarripean.
Gipuzkoarrei mobilizaziora joatea eskatzen diete, "giza-katean parte har dezaten, jendeari pankartak, kartelak, kamisetak... eramateko eskatuz, hondartza aldarrikapenez eta kolorez bete dezagun".
Urteak pasa arren, hondakinen kudeaketaren arazoak oraindik konpontzeke segitzen duela gogorarazten dute. Eta "Gipuzkoako agintarien itsukeria interesatuan du jatorria" gatazka honek, giza-kateko deitzaileen esanetan. "Duela ia 15 urte erraustegiaren aldeko apustua egin zutenen ondorengoek tematuta jarraitzen dute konponbide berberaren atzetik. Geroztik egin dituzten kalkuluek behin eta berriz akastunak izan direla ikusteak ez die pentsarazi, eta egin berria dute kantitateak erabat puztuta dituen prognosia, baina erraustegiaren beharra justifikatzen diena, nahiz eta, hala ere, urtean 100.000 tona gutxiagoko beharra ateratzen zaien.
Errausketa-zaleek aurrera doazenaren itxura eman nahian, presaka eta muturka dabiltza agintean dauden bitartean beraien proiektua ahal den aurreratuena uzteko, gauzak aldatuko diren beldur baitira 3 urte eskasera etorriko diren hauteskundeetan. Baina jakitun dira oso zaila dela inolako proiektua aurrera eramatea gipuzkoarren parte handia aurka dagoenean, kontrako jarrera hau gero eta antolatuagoa dagoenean, behin eta berriz mobilizazio jendetsuen bidez aurkako jarrera bistaratzen ari denean", gogorarazten dute.
Proiektu zentzugabekoa eta kaltegarria
Zubietan eraiki nahi duten egitasmoak osasun eta ingurumenarentzat kaltegarria dela nabarmentzen dute beste behin, "munduko parte desberdinetan egindako ikerketek" dioten moduan. Zentzugabekoa deritzote, erraustegi bat eraikitzea egungo errealitatean. "Gipuzkoan, errausketa-zaleen kalkuluen arabera, 2030ean 163.000 tona errefus sortuko dira, baina ozenki diogu 2017an 50.000 tona sortzera pasa gintezkeela; dena erabaki politikoen menpean dago. Baina 50.000 tonarentzat absurdua da erraustegi bat egitea", diote.
Honez gain, proiektua esku pribatuetan uzteagatik, erreusaren tratamendua nabarmen garestitu dela azaldu dute, asteazken honetan mobilizazioa aurkezteko hedabideen aurrean egin duten agerraldian. "Erraustegiaren proiektua esku pribatuetan utzi dute eta ondorioz honen kostua eta errefusaren tratamenduarena ikaragarri garestitu da: 1.500 milioi € 35 urteetan ordaintzekoak; eta hau ordaindu egin behar dugu gipuzkoarrok, errefusa sortu ala ez", esan dute.
Eta ahaztu behar ez dena, "erraustegiak airea kutsatzez gain, zabortegiak behar ditu, bertatik irteten diren zepak (sartutakoaren %25a) eta errauts toxikoak (%5a) tratatu eta gordetzeko".
Parte hartzea sustatu eta irtenbide adostu baten alde
Hondakinekin dugun arazoari irtenbide bat bilatu behar zaiola eta, Foru Aldundiari eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari erraustegia alboratzea eskatzen diote. Eragile sozialak eta iritzi ezberdinetako aditu eta zientzialariak kide izango dituen parte-hartze prozesu bat abiatzea. Eta hondakinen kudeaketaren arazoari irtenbide adostu bat bilatzea, "beti ere Europako Legebiltzarrean 2015eko uztailaren 9an talde politiko guztien artean onartutako erresoluzioak markatzen duen ildoan".
Erraustegiaren alde egiten ari direnek ildo hauekin bat egin ezean, ohartarazten dutenez, "Gipuzkoaren parte handia aurka izango duzue errausketa-zaleek zuen bidean eta edozein aldaketa politikok hankaz gora jarriko du proiektua, kasu guztietan diru publikoaren xahuketa izugarria gertatuko delarik".
Irudia: Errausketaren Aurkako Koordinadora.