Hastera doa, ziurrenik, herri ekimen jendetsuenetarikoa izan ohi dena; Usurbil Cup. Ostiral honetan bertan abiatuko dute, aurkezpen erraldoiarekin. Erraldoia diogu, antolakuntzak, Usurbil F.T.-k, kirol ekintza honetarako izena eman duten talde guztiak bildu nahi dituelako, gaur, irailak 2, 16:30etan Haranen. Parte hartzaile guztiak jendaurrean aurkeztu nahi dituzte, eta segidan, argazki erraldoia atera nahi dute denekin. Antolatzaileek, herritar oro gonbidatzen dute ekitaldia bertatik bertara ikustera. Gogoan izan hitzordua; ostiral honetan, irailak 2, arratsaldeko 16:30etan Haranen.
Lehen Hezkuntzatik DBH2ra, maila arte honetan ikasten ari diren ia 34 bat taldeetan banaturiko 400 bat jokalari ariko dira futbolean datozen asteotan. Eta hasi bezala, sari banaketa handiarekin amaituko dute ekimena, aldaketarik ez bada, hilabete honen amaiera aldera.
Jarreran eragin nahian
Bereziki araudian eta jarreran eragin nahi dute aurten ere. “Araudi bat finkatuko dugu eta zorrotz beteko da”, ohartarazi dute Usurbil F.T.-tik. Beste behin gogorarazten dutenez, txapelketa honetako xede nagusia haur eta gaztetxoen parte hartzea sustatzea eta ondo pasatzeko kirol ekimena izatea da. Denboraldi berezia izango da 2016-17 kirol urtea herriko futbolarientzat. 40 urte beteko baititu Usurbil F.T.-k. Eta urteurrena ekimen bereziekin ospatu asmo dute.