Usurbilgo hondakinak tratatzeko eredu propioa landuko du Udalak

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 1a, 14:39

"Ikusirik, Usurbilek ez daukala toki egokirik gaur egungo Gipuzkoako hondakinen arkitektura instituzionalean, eta herritarren aurrean dugun arduragatik eta zor diegun begiruneagatik", hondakinak tratatzeko eredu alternatibo bat lantzen hasi nahi du Udalak. Gutxienik, bestelako tratamendu eredu bat abiatzeko dauden aukerak aztertu nahi ditu Usurbilgo Udalak. Gaia uztaila amaieran egin zen osoko bilkurara eraman zuen udal gobernu taldeak. Gehiengo osoz onartu zen EHBilduren aldeko babesarekin. PSE eta EAJ abstenitu ziren. Hartutako erabakiaren berri, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta San Marko Mankomunitateari ematekoa zen Udala.

Uztaila amaierako osoko bilkuran onartu ostean, "Usurbilgo hondakinen tratamendua bideratzeko azterketa integrala, aspektu sozial, juridiko, tekniko eta ekonomikoa landuko dituen espedienteari hasiera" ematekoa zen Udala. Hau da, Udala kide duen San Marko Mankomunitateak "aurreikusten dituen kudeaketa sistemetako baten bidez (zuzeneko edo zeharkako) ordezkatzeko aukera eta bideak aztertuko ditu". Udaletik gogorarazten dutenez, "Usurbilek eredu jasangarri baten aldeko apustua egina du eta, zero zabor bidearekin konpromisoa hartuta, urrats sendoak egiten ari da norabide horretan. Baina, San Marko Mankomunitatearen kide baikara, behin eta berriz ikusi dugu Mankomunitateak ez diola gure ereduari erantzuten, eta, are okerragoa dena, jasotzen ez ditugun zerbitzuak ere ordainarazten dizkigula".

Moratoria eskaera, eredu propioa lantzeko

Hondakinak tratatzeko eredu propioa lantzeko azterketa-batzorde bat eratuko du Udalak, "hondakinen tratamenduaren inguruko alderdi sozial, juridiko, tekniko eta finantzarioari buruzko azterketa egin dezan eta memoria bat presta dezan, bi hilabeteko epean, gehienez ere". Batzordea zinegotzi eta teknikariek osatuko dute.

Hondakinak tratzeko bestelako eredu alternatibo bat martxan jartzeko dauden aukerak aztertzekoa denez, Zubietan eraiki nahi den erraustegiaren esleitze prozesuaren moratoria indarrean jartzea eskatzen du Udalak. Une erabakigarri honetan hain zuzen; 2002-2016 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorra amaierara heldu eta Foru Aldundia, 2017-2030 urte arterako plana diseinatzekoa den honetan. "Epemuga horrek aukera bat dakar: gipuzkoarrok abagune berri bat dugu hondakinen politika lantzeko eta adosteko", Udaletik nabarmentzen dutenez.

GHK: "Behin betiko esleipena egingo da azaroan"

Usurbilgo Udalak aztertu nahi duen hondakinak kudeatzeko eredu propioak, hondakinak erraustean oinarritzen duen Foru Aldundiaren eredua ordezkatu nahi du. "Erraustegia eraikitzeko egitasmoari bere horretan eusten dio gaur egungo Foru Aldundiaren gobernu-taldeak, premiazko prozedurak azken muturreraino behartuta", Udaletik diotenez. Horren erakusgarri, Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak uztailaren 28an egin zuen batzarra. Erraustegiaren "diseinu, eraikitze, finantzaketa, eragiketa eta mantenua, obra publikoa emateko kontratu baten bitartez, esleitzeko kontratuaren espedientearen azterketa eta onarpenari" baiezkoa eman zion GHK-k. Erraustegia eraiki eta kudeatzeko pleguak onartu zituen, Diputazioko egoitzan egindako batzarrean. Hartzera zihoazen erabakiaren aurka, atarian, Gipuzkoa plazan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak deituta, hainbat herritar mobilizatu ziren maindire txuriekin.

Ordutik, 60 eguneko epea dute enpresa interesdunek, GHK-k berri eman duenez, "eskaintzak aurkezteko, eta, jarraian, behin betiko esleipena egingo da azaroan, obrak hasi daitezen, aurreikusten den bezala, datorren urteko urtarrilean".