Trafikoan eragingo du, gaur Oriotik igaroko den Espainiako Txirrindulari Itzuliak

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 2a, 08:30

Oriotik Igeldora igo eta handik Donostiara jaitsiko da, Bilbon abiatu eta Urdazubi-Dantxarinean amaituko den ostiral honetako, irailaren 2ko Espainiako Txirrindulari Itzuliko 13. etapa. Itzuli osoko jardunaldi luzeena izango omen dute txirrindulariek gaurkoan; 213,4 kilometro bidea osatu beharko dute, helmugara iristeko. Gogoan izan, usurbildar bat ikusi ahalko dugula bidean; Haimar Zubeldia. Hamabi etapa jokatu ostean, sailkapen orokorreko 35. postuan da Trek-Segafredo taldeko kidea.

Etenaldia trafikoan

Kostaldetik, N-634 errepidetik helduko da Itzulia eguerdiko 14:30ak Oriora. Ondorioz, halakoetan ohi den moduan, errepidea itxi egingo dute. Gaur Usurbildik Oriora joan asmo duzuenok beraz adi; 14:30ak aldera espero dituzte txirrindulariak bertan. Honenbestez, 13:30etan hasi eta Itzulia igaro arte, N-634 errepidea itxi egingo dute. Baita segidan, Oriotik Igeldora doan bidea ere.

Bestalde, ordu horren bueltan Lurraldebus zerbitzua baliatu behar duzuenok ere kontuan izan; N-634 errepidetik Usurbilerantz datorren autobus zerbitzuan ere eragingo du Itzuliak. "Baliteke zerbitzuen atzerapenak jasatea. Horregatik, ezin ditugu ohiko ordutegi eta ibilbideen funtzionamendua bermatu", ohartarazi du Lurraldebusek.

Irudia: artxibokoa.