Abiapuntu koloretsu eta jendetsua izan du Usurbil Cup ekimenak

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 2a, 10:55

Herri ekimen jendetsuenetarikoa izango dugu Usurbilen, ikusi bestela ondoko argazkiak. Jokalari guzti guztiak ez zeuden, jendea falta zen, eta halere zenbatzen hasi irudiotan dagoen lagun kopurua; LHtik hasi eta DBHra, gaztetxo mordoa. Guztiek izena emana dute Usurbil Cup ekimenean. Ostiral arratsalde honetan abiatu da Usurbil F.T.-k antolaturiko txapelketa, Haranen egin duten hasiera ekitaldi handi eta koloretsuarekin. Taldeak aurkeztu eta guztiekin batera argazki handia atera dute, lehen neurketak hasi aurretik. Hasi berri dugun hilabete honetan futbol neurketa ugari jokatuko dituzte, sari banaketa handiaren aurretik.

Lehen Hezkuntzatik DBH2ra, maila arte honetan ikasten ari diren ia 34 bat taldeetan banaturiko 400 bat jokalariek parte hartuko dute Usurbil Cup-en. Eta hasi bezala, sari banaketa handiarekin amaituko dute ekimena, aldaketarik ez bada, hilabete honen amaiera aldera.

Jarreran eragin nahian

Bereziki araudian eta jarreran eragin nahi dute aurten ere. “Araudi bat finkatuko dugu eta zorrotz beteko da”, ohartarazi dute Usurbil F.T.-tik. Beste behin gogorarazten dutenez, txapelketa honetako xede nagusia haur eta gaztetxoen parte hartzea sustatzea eta ondo pasatzeko kirol ekimena izatea da. Denboraldi berezia izango da 2016-17 kirol urtea herriko futbolarientzat. 40 urte beteko baititu Usurbil F.T.-k. Eta urteurrena ekimen bereziekin ospatu asmo dute.