Hauteskunde kanpaina prestatzeko EHBilduren batzarra gaur

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 5a, 09:13

Irailaren 25ean ospatuko diren Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ate joka ditugu. Hitzordu honi begira batzar irekia deitu du Usurbilgo EHBilduk astelehen honetarako, irailak 5, arratsaldeko 20:00etan Potxoenean. Batetik, ostiral honetan bertan abiatuko den kanpainarako egutegia aurkeztuko dute, eta bi asteotarako lan taldeak osatuko dituzte. Batzar irekia izango da gaurkoa.

Arnaldo Otegiri babesa adierazteko herri afaria

Euskal Herria Bildu koalizioak Arnaldo Otegi aurkeztu zuen Gipuzkoako zerrendaburu eta eta lehendakarigai gisa, irailaren 25ean ospatuko diren hauteskundeetarako. Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak ordea, datozen bozketetara aurkeztea eragotzi dio Otegiri, "hautaezina" dela esanez. Abuztuaren 30ean kaleratu zituen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Gipuzkoako hautagai zerrendak, Arnaldo Otegiren hautagaitza gabe. EHBilduk Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakiaren aurka helegitea aurkeztu dute. Helegitea hau atzera bota eta Auzitegi Konstituzionalera jo du Otegik. Auzitegi horrek irailaren 9ko hauteskunde kanpaina abiatu baino lehen erabaki behar du hauteskundeotara aurkezterik izango duen edo ez.

Kanpaina abiatuko den gau horretarako, Otegiri babesa adierazteko herri afaria antolatu du Usurbilgo EHBilduk, iluntzeko 21:00etan frontoian. Kantuz eta musikaz alaituriko herri afaria izango dela iragarri dute sare sozialen bidez. "Arnaldori babesa agertzeko eta kanpainan daukagun ziurgabetasun eta egoera antidemokratikoaren aurka, Herri Afaria antolatu dugu Usurbilgo frontoian. Herri giro bikainean jaso nahi dugu Auzitegi Konstituzionalaren erabakia eta horretarako zuzenean, streaming bitartez ikusiko dugu Bilboko Areatzako Arnaldoren ekitaldia eta Konstituzionaleko erantzuna. Animatu zaitezte!".

Afaritarako sarrerak aurrez eskura ditzakezue Aitzagan, 15 euroren truke. 10 eurotan, ikasle eta langabetuek.