Ikasturte hasiera gaur Zumarten

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 5a, 13:00

Amaitu da oporraldia askorentzat, tartean, baita Zumarte Musika Eskolarentzat ere. Astelehen honetan itzuliko dira ohiko jardunera. "Zer moduz joan dira oporrak? Musikaz beteta egon dira? Ba irailaren 5etik aurrera berriz ere martxan jarriko gara musikarekin gozatzen segitzeko. Prestatu instrumentuak eta ahotsak eta beste kurtso batez… gozatzera!", gogorarazi dute zumarte.org ataritik.

Eskertza, eskainitako laguntzagatik

2016-17 ikasturte abiatzear duten honetan, aurrekoa, 2015-16koa agurtzeko burutu zuten ekimen bati lotutako eskertza segidan. Zumartekoek elkartasun kontzertua antolatu zuten ekainaren 17an, Askatasuna plazan. Ikasleek eskainitako emanaldian, errefuxiatu siriarrak laguntzeko dirua bildu zuten. Guztira, 258,29 euro. Errefuxiatu siriarrak laguntzen ari den Zarauzko sorosleez osaturiko Basque Lifeguards taldeari bideratu zioten. Haien eskertza jaso dute Zumartekoek: “Mila esker usurbildar gustier laguntzagatik, taldekide guztien partez. Ahal dugun moduan laguntzen segi ahalko dugu zuei esker!!”.