Usurbilgo EHBildutik NOAUA!ri berri eman diotenez, Arnaldo Otegi Usurbila dator larunbat honetan. Irailaren 25ean ospatuko diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begirako kanpainaren baitan, udalerri honetako EHBilduko gazteek irailaren 10ean, arratsaldeko 19:00etan hasita frontoian antolatu duten ekitaldian parte hartuko du elgoibartarrak.
Auzitegi Konstituzionalaren ezezkoa
Astearte arratsalde honetan jakin berri denez, Arnaldo Otegi ezingo da aurkeztu EHBilduko lehendakarigai gisa, datozen irailaren 25eko hauteskundeetara. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkeztua zuen babes helegitea atzera bota du auzitegi honek aho batez.
Gogoan izan, Euskal Herria Bildu koalizioak Arnaldo Otegi aurkeztu zuen Gipuzkoako zerrendaburu eta eta lehendakarigai gisa, irailaren 25ean ospatuko diren hauteskundeetarako. Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak ordea, datozen bozketetara aurkeztea eragotzi zion Otegiri, "hautaezina" dela esanez. Abuztuaren 30ean kaleratu zituen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Gipuzkoako hautagai zerrendak, Arnaldo Otegiren hautagaitza gabe. EHBilduk Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakiaren aurka helegitea aurkeztu zuen. Donostiako epaitegiek atzera bota ostean, Auzitegi Konstituzionalera jo zuen Arnaldo Otegiren defentsak. Auzitegi horrek ere Otegi hauteskundeotara aurkeztea eragotzi dio.
Babesa adierazteko afaria
Kanpaina abiatuko den gauerako, Otegiri babesa adierazteko herri afaria antolatu du Usurbilgo EHBilduk, iluntzeko 21:00etan frontoian. Kantuz eta musikaz alaituriko herri afaria izango dela iragarri dute sare sozialen bidez. "Arnaldori babesa agertzeko eta kanpainan daukagun ziurgabetasun eta egoera antidemokratikoaren aurka, Herri Afaria antolatu dugu Usurbilgo frontoian. Herri giro bikainean jaso nahi dugu Auzitegi Konstituzionalaren erabakia eta horretarako zuzenean, streaming bitartez ikusiko dugu Bilboko Areatzako Arnaldoren ekitaldia eta Konstituzionaleko erantzuna. Animatu zaitezte!".
Afaritarako sarrerak aurrez eskura ditzakezue Aitzagan, 15 euroren truke. 10 eurotan, ikasle eta langabetuek.
Halare afalaurretik, arratsaldeko 19:30etan finkatu dute biltzeko hitzordua frontoian. "Arnaldoren Bilboko Areatzako ekitaldia ikusteko 19:30tan geratuko gara Usurbilgo frontoian. Zuzenean emango da. Animatu zaitezte guztiok! Ondoren Herri Afaria giro bikainean. Egin herri!", luzatu dute gonbita EHBildutik.