Bizipozaren Jaia prestatzeko bilera 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 6a, 09:40

Euskara, auzolana, elkartasuna eta bizipoza, baloreon gainean eraikitako Bizipozaren Jaialdia ospatuko dugu irailaren 25ean Usurbilen, Irrien Lagunen eskutik eta elkarte mordo baten parte hartzearekin. Egitaraua ostegun honetan aurkeztuko dute antolatzaileek, hedabideen aurrean. Aurretik azken asteotan egin duten moduan, bilera baterako deia egin dute astearte honetarako, 18:00etan Potxoenean. Antolakuntzak, jaialdi honetan parte hartu nahi duten herri eragileekin bildu nahi du. Batetik, irailaren 25erako egitaraua borobildu eta antolaketa lanetarako beharko den bolondres sarea osatu nahi dute. Jaialdia behar bezala ospatzeko laguntzaileak beharko baitituzte elkarteen informazio postuak, itxitura eta hesiak eta ekimen ezberdinetako azpiegitura muntatu eta desmuntatzeko, aparkalekuak eta herriko sarrerak zaintzeko, txartelen salmentarako, begiraleak antolatuko diren tailerretarako… Jaialdirako ekarpenak egin edo lagundu nahi duen orok beraz, joan dadila gaur 18:00etan Potxoeneara.

Auzolanean

Elkartasun jaialdi handi baten erdigunea izango da Usurbil, irailaren 25ean. Irrien Lagunak Klubetik sortutako Irrien Lagunak Gizartegintza Elkarteak bideraturiko ekimena ospatuko da herri honetan bi aste barru. Irabazi asmorik gabeko elkarte honek, "izaera bereziko haurren babes eta arretarako elkarteei laguntza afektiboa eta materiala eskaintzea du xede. Bizipoza du misio: hainbat zailtasun bizi dituzten familiekin poza partekatzea, euskaraz eta sorkuntzatik. Auzolana du bisio: denetariko herritar, talde eta erakundeek osaturiko bolondres-sarea osatzea gizartegintzaren poza bizitzeko".

Izaera bereziko gaiak azalarazi nahi dituzte, "Euskal Herriko ume zein helduak sentsibilizatuz". Errealitate hori lantzen duten elkarteei laguntza afektibo eta baliabide funtzionalak eskaini eta "gizartegintzan euskaraz eta bizipozez jardun nahi duten herritarrei auzolan egitasmo eraginkorra eskaintzea". Urtero helburu sozial zehatz bat gizarteratu nahi dute, "partaide diren izaera bereziko haurren babeserako elkarteekin adostuko duena eta bat egiten duten norbanako, talde eta erakundeekin batera gauzatuko duena". Horretarako antolatzen dute Bizipozaren Jaia, "helburua gizarteratu eta dirua biltzeko". Aurtengoa Usurbilen ospatuko da, irailaren 25ean.

Antolatzaileek ostegunean aurreratuko dituzte xehetasun gehiago, baina kaleratu duten kartelean ikus daiteke, denetariko zenbat elkarteek parte hartuko dute ekimen honetan: