Abisu horian gaur, "tenperatura oso altuengatik"

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 7a, 05:40

Beroaldia bueltan datorkigu. Abisu horian egongo gara asteazken honetan, 12:00-18:00 artean "muturreko tenperatura oso altuengatik". "Tenperatura maximoak 34 ºC-ra igo daitezke kostaldean, 38 ºC-ra Kantauri isurialdearen barnealdean". Abisu horia aktibatuko dute baita, baso-sute arriskuagatik eta 14:00-18:00 artean galernagatik. "Kostaldean haizea bat-batean eta zakar ipar-mendebaldera aldatuko da. Haizearen norabide aldaketa kostaldean mendebaldetik ekialdera hedatuko da eta haize-boladek 50-80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete. Tenperatura 8-10 ºC jaitsi daiteke ordubetean", Euskalmet-ek ohartarazi duenez.

IRAGARPENA

Irailak 7, asteazkena

"Gaur goizean bero itogarria. Hegoaldeko haizea ibiliko da goizean eta zerua garbi egongo da, beraz tenperatura 40 ºC-ra inguratuko da Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdeko hainbat lekutan. Alabaina, arratsaldeko lehen orduetan haizea mendebaldera edo ipar-mendebaldera aldatuko da kostaldean, aldaketaren unean bolada gogorrekin eta tenperatura bat-batean jaitsiko da. Ondoren barnealdean ere haizea iparraldera aldatuko da. Egun amaieran behe-hodeiak ugarituko dira kantauri isurialdean.".

Irailak 8, osteguna

"Ostegunean eguraldia nabarmen aldatuko da; tenperatura maximoak asteazkenean baino 15 ºC beherago geratuko dira hainbat lekutan. Zerua oso hodeitsu egongo da eta ipar isurialdean euri txikia egingo du, bereziki goizean. Arratsaldean baliteke ostarte batzuk irekitzea. Ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da eta tenperatura balio altuenak 22-24 ºC artekoak izango dira.".

Informazio eguneratua: euskalmet.net