Ertzaintzak prentsa ohar bidez zabaldu duenez, Urola Kostako Ertzain-etxeak 60 eta 38 urteko bi gizonezko atxilotu zituen astelehen eguerdian. Atxilotuei, indarkeria baliatuz Aia eta Usurbilgo bi baserrietan lapurreta egin izana egozten zaie. Astearte honetan, bi atxilotuak Donostiako Epaitegien esku utzi dituzte. Polizia aurrekariak dituzte, gehienbat jabetzaren aurkako delituengatik.
Hainbat objektu eskuartean
Atxiloketak astelehen eguerdian gertatu ziren. Hamabiak aldera, Orion zebilen ertzainen patruila batek bide batetik Txurruka hondartza aldera jaisten ari zen pertsona bat ikusi zuen, neguko beroki bat eta kaputxa bat buruan jantzita zeramatzala. Tablet bat eta eskularrua omen zituen esku batean. Ertzainek pertsona hau identifikatu zuten. Bere aitarekin kanpatua zegoela esan zion poliziari. Berrehun metrora aurkitu zuten bigarren gizonezkoa, zubi azpi batean. Ertzainek bigarren gizonezko hau galdekatu zutenean, arrantzan zebiltzala adierazi zien. Aparkatua zuten ibilgailuan, 6 erloju, zenbait urrezko bitxi, dirua, telefono mugikor bat eta hainbat lanabes aurkitu zituen Ertzaintzak. Aurkikuntza honen aurrean, inguruak hobeto behatzen hasi eta bitxi gehiago, bi telefono mugikor eta betaurreko batzuk aurkitu zituzten. Eta harri azpi batean, 700 euro eta bi lepoko.
Aurkikuntzon ostean, Ertzaintzak eginiko ikerketen arabera jakin ahal izan dutenez, bi gizonezko hauek zuten materialaren zati bat, goiz horretan bertan Aia eta Usurbilgo bi baserrietatik lapurtu zuten gizonezkook. Bi kasuetan, horma eskalatu eta balkoi eta leiho bana behartu ostean egin zituzten lapurretak. Lapurtutako gaiak jabeei itzuli zaizkie, hauek eurenak direla egiaztatu ostean. Gainerako objektu lapurtuen jatorria ezagutzeko ikerketetan dabil Ertzaintza. Beste lapurreta batzuekin lotura izan omen dezakete.