Arnaldo Otegi Usurbila dator larunbat honetan. Irailaren 25ean ospatuko diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begirako kanpainaren baitan, gaur arratsaldeko 19:00etan hasita frontoian ospatuko den EHBilduren gazte ekitaldian parte hartuko du elgoibartarrak.
Auzitegi Konstituzionalaren ezezkoa
Astearte arratsaldean eman zen ezagutzera albistea; Arnaldo Otegi ezingo da aurkeztu EHBilduko lehendakarigai gisa, datozen irailaren 25eko hauteskundeetara. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkeztua zuen babes helegitea atzera bota zuen auzitegi honek aho batez.
Gogoan izan, Euskal Herria Bildu koalizioak Arnaldo Otegi aurkeztu zuen Gipuzkoako zerrendaburu eta eta lehendakarigai gisa, irailaren 25ean ospatuko diren hauteskundeetarako. Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak ordea, datozen bozketetara aurkeztea eragotzi zion Otegiri, "hautaezina" dela esanez. Abuztuaren 30ean kaleratu zituen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Gipuzkoako hautagai zerrendak, Arnaldo Otegiren hautagaitza gabe. EHBilduk Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakiaren aurka helegitea aurkeztu zuen. Donostiako epaitegiek atzera bota ostean, Auzitegi Konstituzionalera jo zuen Arnaldo Otegiren defentsak. Auzitegi horrek ere Otegi hauteskundeotara hautagai gisa aurkeztea eragotzi dio.