Ataria oinezkoentzako egokituta abiatu dute ikasturte berria Udarregi Ikastolan

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 7a, 10:04

Ireki dituzte ikasgelako ateak, eta abiatu berri dute 2016-17 ikasturtea ikastetxeetan. Begi bistako aldaketa batekin gainera Udarregi Ikastolan; HH eta LHko eraikin ataria berrituta. Oinezkoentzako egokitu dute Agerialde inguratzen duen pasabidea. Askorentzako opor garaia izango den uda parte hau baliatu nahi izan du Usurbilgo Udalak, hobekuntza lanok bideratzeko. Batetik, goiko patiotik beherako bidea baranda berri batekin babestu dute. Denontzako aparkalekuak egokitu dituzte. Honez gain, Agerialde atari pareko kale zatiak noranzko bakarra izango du aurrerantzean, Alperroburu 8an bizi direnentzat izan ezik, haiek bi norabidekoa izango baitute.

Honez gain, ikastola aurreko kale zatia, haurren segurtasuna bermatzeko itxita egongo da ibilgailuentzat eskola egunetan, 08:30-17:00 artean. Ordutegi horretan oinezkoena izango da kalea. Autoa ezingo da bertan aparkatuta utzi, Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez. Asteburu eta jai egunetan bai. Horretarako, “kalea zabalik ala itxita izateko, bi pibota mugikor jarri dira Alperroburu kaleko goialdean. Horrez gain, zebra bidea tokiz aldatu eta orain arte zeuden ezinduentzako bi aparkaleku plazak Agerialdeko patioaren alboan kokatu dira”, Udaletik berri eman dutenez.. Eremu honetan oinezkoek izango dute lehentasuna. Urbanizazio lan hauetan, euri uren eta ur zikinen sareak bereizi dira, orain arte bateratuak baitzeuden. Inforlur S.L. enpresak zuzendu ditu lanok, eta Construcciones Lasuen S.A.-k gauzatu. 85.881,95 euro bideratu dira obra hauetara.

Lan hauek amaituta, aurrerago, Alperro-Buru kaleko 8 zenbakidun eraikin buelta berrurbanizatu nahi du Udalak, eta Agerialde eta Udarregi Ikastolako eraikin gorriaren artean dagoen mendixkan oinezkoentzako pasabidea egokitu. Bidea argiteria eta eserlekuekin hornituko du Udalak, eta honela, Udarregi Ikastolako hezkuntza gune osoa lotuta geratuko da.

Irazu kalearen urbanizazioa

Abuztuan hasi zituzten lanon bidez, "Irazu kaleko irisgarritasun arazoei irtenbidea emango die Udalak eta azpiegiturak berrituko dira. Obrak Mikel Laboa plaza ingurutik hasi dira". Eta zatika, Kale Nagusiraino jaisten den bidea berrituko dute, beti ere kontu handiz. Harri bakoitza altxa eta erdibituko da. Tratatu ostean, berriz zeuden lekuan jarriko dira.

163.260,54 euro bideratuko ditu Udalak lan hauetara eta 4 hilabeteko tartean amaitzea aurreikusten dute. Azaroan alegia. Lanak Inforlur S.L. enpresak zuzendu eta Construcciones Lasuen S.A. enpresak gauzatuko ditu. Udalak zabaldutako bandoak jasotzen duenez, "barkamenak eskatu nahi ditu aldez aurretik, obrek sorrarazi ditzaketen eragozpenengatik. Zalantzaren bat izanez gero, udaletxera hurbildu".