Iritsi da eguna. Paralinpiar Jokoak ospatuko dira Rion (Brasil) asteazken honetatik, irailaren 7tik 18ra. Abiatzeko, irekiera ekitaldia izango da gaur. Gogoan izan, usurbildar bat izango dugu 175 herrialdeetako 4.350 kirolari batuko dituen mundu mailako txapelketa honen hamabosgarren edizioan; Amador Granados Alkorta. Brasilen da jada txirrindularia. Egunotan etxean jasoko duzuen oporraldi osteko lehen NOAUA! aldizkariari eskaini dion elkarrizketan, Riora oso ondo heldu dela aipatu du usurbildarrak. Etxeko lanak eginda. "Entrenamendu asko egin ditugu. Ondo egin dugu lan eta horrek lasaitasuna ematen dit. Ziklo olinpiko ona osatu dugu eta orain, zain", dio Amadorrek. "Ea oraingoan dominarekin etxeratzeko moduan garen", adierazi dio NOAUA!ri.
Asteazken honetan abiatuko dira Rioko Paralinpiar Jokoak, baina Amador irailaren 10ean, larunbatez hasiko da lehiatzen mundu mailako kirol hitzordu garrantzitsu honetan. Ate joka dituen neurketei begira, animu mezua helarazi dio Usurbilgo Udalak Granadosi. "Zorte on Amador, ea dominarik ekartzen duzun Usurbilera!", adierazi diote Udaletik sare sozialen bidez.
Amadorren agenda
Hiru hitzordutan parte hartuko du, usurbildarrak, egun eta orduotan:
-Irailak 10, larunbata: 16:30-17:54 Kilometroko proba.
-Irailak 11, igandea: 10:47-11:32 Taldekako abiadura proba.
-Irailak 16, ostirala: 09:30-11:30 Errepideko proba.
Oharra: Brasilgo ordutegiak.
Amador Granadosen berri, bideotatik jaso dezakezue:
Web orria: http://amador-granados-alkorta.webnode.es//
Facebook: https://www.facebook.com/amador.granadosalkorta
Amadorren datuak, esteka honetan dituzue: Amador Granados Alkorta