Erraustegiari buruz irailaren 30ean, urriaren 1ean eta 2an Usurbilen egitekoa zen herri galdeketa hiru astez atzeratuko da. Urriaren 21, 22 eta 23an galdetuko zaie Foru Aldundiak 2017ko urtarrilean eraikitzen hasi nahi duen proiektuaz, aginagar, usurbildar eta zubietarrei. Erraustegia Erabakia herri plataformak ohar bidez jakinarazi berri du hitzordu honen atzeratzea. Irailaren 25ean ospatuko diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak direla eta, hartu dute galdeketa dataz aldatzeko erabakia. "Zubietan eraiki nahi den erraustegiaren inguruan Usurbil eta Zubietan urriaren hasierarako aurreikusita zegoen herri galdeketa atzeratzea erabaki du Erraustegia Erabakia herri plataformak, ekimen hau datozen egunotan izango dugun hauteskunde kanpainarekin nahastu ez dadin", adierazi du herri plataformak ohar bidez.
"Era honetara, eta EAEko hauteskundeak gauzatu ondoren, hiru egun hauetan zehar, urriaren 21, 22 eta 23an, usurbildar eta zubietarrok egitasmo horren aurrean gure iritzia argi eta garbi plazaratzeko aukera izango dugu", gaineratu dute.
Data aldaketa soilik
Egutegia baino ez da aldatuko, Erraustegia Erabakia herri plataformakoen esanetan. Galdeketari loturiko gainerakoa, bere horretan mantenduko da. "Galdeketaren eguna da dagoen aldaketa bakarra eta uda hasieran iragarri genuen bezala, Usurbilen eta Zubietan erroldatutako 16 urtetik gorakoek parte har dezakete kontsultan. Galdera ere zehaztu da eta hauxe izango da bozkatu beharrekoa: Erraustegia egitea nahi duzu ala ez? Galderari erantzuteko, bi bozka paper egongo dira: BAI eta EZ hitzak inprimatuta dutenak", berretsi du Erraustegia Erabakia herri plataformak.
Herri galdeketarako jakin beharrekoak
Egunak: urriak 21 (ostirala), urriak 22 (larunbata) eta urriak 23 (igandea).
Galdetuko dena: "Erraustegia egitea nahi al duzu?".
Erantzun posibleak: "Bai" eta "Ez" dioten bi bozka paper izango dira aukeran.
Nortzuk parte hartu ahalko duten: 16 urtetik gorako Usurbilen eta Zubietan erroldaturiko herritarrek. Guztira, 4.106 lagunek izango dute bozkatzeko aukera.
Galdeketa auzoka:
Urriak 21, ostirala: 16:00-20:00 Aginaga.
Urriak 22, larunbata: 9:00-14:00 Santuenea.
Urriak 22, larunbata: 16:00-20:00 Zubieta.
Urriak 23, igandea: 9:00-20:00 Kaxkoa.
Oharra: edozein mahaitan bozkatu ahalko da, norberari ondoen datorkion egun eta orduan.
Aurkeztu beharreko dokumentazioa:
-DNI-NAN, EHNA+Errolda agiria, pasaportea edo gidabaimena.
-Espainiar estatuak herritartzat hartzen ez dituen pertsonek dokumentuotako bat erakutsi beharko dute: bizileku-txartela, jatorrizko estatuak jaulkitako nortasun agiria edo pasaportea, nortasun agiria/ziurtagiria, edo gidatzeko baimena.
Oharra: kasu guztietan, aurkeztu beharreko dokumentazioan bizitokia Usurbil edo Zubieta dela agertu beharko da. "Hala ez bada, Udalaren erroldatze ziurtagiria eraman beharko da".
Antolatzailea: Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.