36ko Gerraren 80. urtemugako ekitaldiak, astebete barru

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 7a, 11:30

Francoren tropek Usurbil hartu zutenetik 80 urte beteko diren datorren asterako, “horrenbeste ondorio mingarri ekarri zituen jazoera gogoratzeko” ekitaldiak prestatu ditu Aitzaga Elkarteak. “Laurogei urte joan diren arren, gaur egun oraindik edozein bide bazter, mendi zulo edo baso apartatuan ezkutuan lurperatutako hamaika pertsonen gorpuak berreskuratzeko daude”, gogorarazten dute Aitzaga Elkartetik. Lan hauetan ari diren hiru adituren azalpenak entzuteko aukera izango da irailaren 15ean. Eta bi egun beranduago, “irailak 17, beteko dira justu 80 urte “nazionalek” Iruretagoiena koronelaren agindupean, Mendizorrotzetik barrena Usurbilen sartu zirenetik. Egun horretarako, hain zuzen, Zubietamendiko Txaldatxurreko lubakiak ikuskatzeko txangoa” antolatu du Aitzaga Elkarteak.

Eta oroitzapen ekitaldia egingo da gero Askatasuna plazan. “Besteak beste, Joseba Tapiak preseski gerra garaiko gertakizunak aipatuz sortutako kanta batzuk eskainiko ditu eta hitzartzeen artean Xabier Arregi alkatearena ere izango da”, iragarri dute Aitzaga Elkartetik.

Oroimen ekitaldia

Ekitaldia, “duela 10 urte faxisten hatzapar krudela jasan zutenen omenez jarri zen plakaren inguruan” egingo da. “Orain hamar urte, 70. urteurrena bete zenean elkarteak antolatu zituen ekimenen artean orduan oraindik bizirik zeuden eta gerra zibilean protagonista izan ziren hiru herritar omendu zituen, Manuel Goenaga, Antonio Pello Aranburu eta Juan Mari Borda. Gogora ekarri zituen, baita ere, ondorio latzak jasan zituzten herritarrak. Haien artean, gerra hasi eta aste gutxietara fusilatuak izan ziren bost lagunak: Joxe Mari Furundarena Begiristain aginagarra, Juan Bautista Aginaga Otegi garaiko EAJko Gazte alorreko arduraduna, Kosme Yaguez Beristain Zubietako maisu zena, Patxi Aizpurua EAJko militantea eta Joxe Galarmendi kalezartarra, errepublikarra bera. Era berean, Errepublikaren defentsan frontera joan eta bizia galdu zutenak eta kartzela, errepresioa edota atzerria pairatu zutenak ere gogoan izango dira”, iragarri dute antolatzaileek.

Hitzorduak

Irailak 15, osteguna

19:00 “Memoria eta aztarnak” hitzaldia Sutegin.

Hizlariak:

-Pako Etxeberria (antropologo eta forentsea, eta Aranzadi elkarteko kidea).

-Lourdes Errazti (arkeologo eta antropologoa, eta Aranzadi elkarteko kidea).

- Joxea Muguruza (Islada Ezkutatuak Elkarteko kidea, besteak beste, Txaldatxur lubakiaren memoria berreskuratzen ari den taldea).

Irailak 17, larunbata

09:00 Txaldatxurreko lubakietara irteera Askatasuna plazatik abiatuta.

13:00 Zigortu eta gudarien “oroitzapen ekitaldia” Askatasuna plazan.

Antolatzailea: Aitzaga Elkartea.