Arnaldo Otegiri babesa adierazteko herri afaria gaur frontoian

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 8a, 03:30

Hamaika hautagai zerrenda aurkeztu ziren Gipuzkoan, datorren irailaren 25eko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara. Ostegun gauerdi honetan abiatuko den kanpainan ordea, ezingo dute guztiek lehiatu. Euskal Herria Bildu koalizioaren herrialde honetako zerrendaburuari, Arnaldo Otegiri bozketa hauetan hautagai gisa parte hartzea eragotzi diote. Otegiri babesa adierazteko herri afaria antolatu du Usurbilgo EHBilduk ostegun honetarako frontoian. Otordurako txartelak aurrez erosi ditzakezue Aitzagan 15 eurotan. 10 eurotan, ikasle eta langabetuek.

19:30etan frontoira gerturatzeko deia egin dute. "Arnaldoren Bilboko Areatzako ekitaldia ikusteko 19:30tan geratuko gara Usurbilgo frontoian. Zuzenean emango da. Animatu zaitezte guztiok! Ondoren Herri Afaria giro bikainean. Egin herri!", luzatu dute gonbita EHBildutik. Kantuz eta musikaz alaituriko herri afaria izango dela iragarri dute sare sozialen bidez. "Arnaldori babesa agertzeko eta kanpainan daukagun ziurgabetasun eta egoera antidemokratikoaren aurka, Herri Afaria antolatu dugu Usurbilgo frontoian. Animatu zaitezte!", luzatu dute gonbita Usurbilgo EHBildutik.

Arnaldo Otegi larunbatean Usurbilen

Usurbilgo EHBildutik NOAUA!ri berri eman diotenez, Arnaldo Otegi Usurbila dator larunbat honetan. Irailaren 25ean ospatuko diren Eusko Legebiltzarreko hauteskundeei begirako kanpainaren baitan, udalerri honetako EHBilduko gazteek irailaren 10ean, arratsaldeko 19:00etan hasita frontoian antolatu duten ekitaldian parte hartuko du elgoibartarrak.

Auzitegi Konstituzionalaren ezezkoa

Astearte arratsaldean eman zen ezagutzera albistea; Arnaldo Otegi ezingo da aurkeztu EHBilduko lehendakarigai gisa, datozen irailaren 25eko hauteskundeetara. Espainiako Auzitegi Konstituzionalean aurkeztua zuen babes helegitea atzera bota zuen auzitegi honek aho batez.

Gogoan izan, Euskal Herria Bildu koalizioak Arnaldo Otegi aurkeztu zuen Gipuzkoako zerrendaburu eta eta lehendakarigai gisa, irailaren 25ean ospatuko diren hauteskundeetarako. Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak ordea, datozen bozketetara aurkeztea eragotzi zion Otegiri, "hautaezina" dela esanez. Abuztuaren 30ean kaleratu zituen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Gipuzkoako hautagai zerrendak, Arnaldo Otegiren hautagaitza gabe. EHBilduk Gipuzkoako Hauteskunde Batzordeak hartutako erabakiaren aurka helegitea aurkeztu zuen. Donostiako epaitegiek atzera bota ostean, Auzitegi Konstituzionalera jo zuen Arnaldo Otegiren defentsak. Auzitegi horrek ere Otegi hauteskundeotara aurkeztea eragotzi dio.

Kanpaina hasierako hitzorduak

Irailak 8, osteguna

19:30 Arnaldo Otegiri babesa adierazteko herri afaria frontoian. Txartelak aurrez salgai Aitzagan 15 eurotan. 10 eurotan ikasle eta langabetuentzat.

Irailak 10, larunbata

19:00 Gazte ekitaldia frontoian, Arnaldo Otegiren parte hartzearekin.

Antolatzailea: Usurbilgo EHBildu.