Erraustegia eraikitzea gerarazteko sinadura bilketa

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 8a, 09:21

Gipuzkoako Foru Aldundiari zuzendua dago. Helburua, Zubietan eraiki nahi diguten errauste planta proiektua geraraztea. Horretarako sinadura bilketa abiatu dute gurasoek sarean. Ez dute halako proiektu eta handi eta toxikorik eraikitzerik nahi.  "Ez dugu nahi eta ez dugu onartuko sekula, azala utzi arte borrokatuko gara, gure seme-alaben osasuna arriskuan baitago", diote. Jada mila lagunek babestu dute ekimena. Sinatu nahi duzuenok, esteka honetan klikatu besterik ez duzue: Erraustegia geratu

Laguntza eske

Ekimen hau babesteak duen garrantzia nabarmendu dute kanpaina honen sustatzaileek. "Erraustegia hondakinak tratatzeko azken aukera da, ez baita jasangarria ingurumenarentzat", diote. Ezta osasuntsua bizidunontzat ere, arriskutsua baizik, erraustegia eraiki nahi duten zero gunetik "potentzialki larria, 10 kilometro baino gutxiagoko eremuan bizi direnentzat eta kaltegarria orohar, guztion atmosferak jasan behar dituen isurketengatik". 5 kilometroko eremuan soilik, gogorarazten dutenez, "26 ikastetxe eta 9.044 ikasle daude; 7,5 kilometrotara 72 ikastetxe eta 25.191 ikasle; 10 kilometro baino gutxiagora, 125 ikastetxe eta 44.314 ikasle. Badira baita ospitale, parkeak, eta kilometro batera baino gutxiagora dauden udalerriak ere", sinadura bilketa kanpaina honen sustatzaileek gogorarazten dutenez.

"Ama gisa partikularki eta gurasoak orohar, zuen sinadura behar dugu",  diote. Erraustegiek kontrolaezina den gastua eragiten dutela nabarmentzen dute. Presaz, arriskuez informatu eta kontsultatu gabe eraiki nahi dutela aipatu planta, baina ez dutela halakorik onartuko, seme-alaben osasuna arriskuan baitago.