Irailaren 25ari begirako hauteskunde kanpaina betean gara. EHBilduk gazte ekitaldia antolatu du larunbat arratsalde honetan frontoian. Arnaldo Otegik parte hartu du, pilotalekua bete duen hitzorduan. Euskal gazteriak pairatzen duen errealitate gordina salatu da ekitaldian zehar. Prestakuntza maila altua jaso arren, egungo gazteek baldintza ez duinetan lan egin beharra, atzerrira joan beharra, langabezia... "Iruzur egin digute", adierazi dute. Eta eskari argi bat plazaratu. "Gazteok ere lehen mailako herritarrak izan nahi dugu. Orain eta etorkizun duin bat nahi dugu". Irailaren 25eko hauteskundeetatik osatu litekeen Jaurlaritza berriari ere gauza bera eskatu diote. Gobernu duin bat nahi dute, "herritarron eta gazteon ordezkari izango dena, ez gutxiengo pribilegiatu batena".
"Jendearekin hitz egin behar da, irribarrea galdu gabe"
Gazteria aintzakotzat hartzen ez duen herriak etorkizunik ez duela adierazi du Arnaldo Otegik. Datozen hauteskundeei begira, baikor agertu da ezker independentistek lortu ditzaketen emaitzen inguruan. Nazio mailan urratsak ematearen aldeko eta murrizketa sozialen aurkako "gehiengo oso indartsu bat egongo da", iragarri du. EHBildu, Ahal Dugu eta EAJren arteko akordio handia edota EAJ, PP eta PSOEren artekoa, horiexek dira bere esanetan, hurrengo lau urteei begira Gasteizen osatu daitezkeen gehiengo posible bakarrak. "Aukera batean herri honek aurrera egiten du, eta beste aukerarekin herri hau hipotekatua geratzen da", zioen Arnaldok. Bi gehiengo posible hauen aurrean argi utzi du, "norbaitzuek aukeratu egin beharko dute".
Bozketa egunerako geratzen diren bi asteotan, gazteei zuzenduz zioenez "lana dugu". "Jendearekin hitz egin behar da, konbentzitu, irribarrea galdu gabe. Azken deia egin nahi dizuet, gazteekin egon, eztabaidatu eta gazteen arazoetaz hitz egin, konbentzitu jendea. Dena ez da konpontzen erakundeetan, baina erakundeetan indartsu egoteak mesede egingo dizue, bai zuei eta baita ere Euskal Herriari".
EHBilduko gazteek eta Arnaldo Otegik berak frontoian eginiko hainbat adierazpen, albiste honi atxikitako bideoan jaso ditugu.