Gaur ere abisu horian, "tenperatura altuengatik"

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 12a, 08:02

Abisu horian egongo gara astelehen arratsaldean, 14:00-20:00 artean, "muturreko tenperatura oso altuengatik". Euskalmet-ek iragarri duenez, "tenperatura maximoak 34 ºC-ra igo daitezke kostaldean eta 36 ºC-ra barnealdean". Honez gain, abisu horia aktibatu dute baita, baso-sute arriskuagatik. "Baso-sute arriskua altua da EAEn, tenperatura altuagatik, hegoaldeko haizeagatik eta hezetasun erlatibo baxuagatik", ohartarazi dutenez. Honatx datozen orduotarako iragarpena. Biharko aldaketa dator. Abisu horia aktibatuko dute gauerditik 14:00etara baso-sute arriskuagatik. 14:00-20:00 artean galernagatik, "haize-boladek 50-80 kilometro orduko abiadura gainditu dezakete", eta 14:00-00:00 artean, prezipitazio handiagatik:

Irailak 12, astelehena

"Eguzki giroa eta bero handia astelehenerako. Hego ukituko haizeak tenperatura dezente igoaraziko du, bereziki ipar partean eta batez ere kostaldean; beroenak herri askotan 35 ºC ingurukoak izango dira. Goi-hodei fin batzuk ikusiko ditugu eta arratsaldean bero-hodei bakan batzuk sortuko dira, baina ez dute inolako ondoriorik ekarriko eta eguzkia jaun eta jabe izango da".

Irailak 13, asteartea

"Eguerdi partean aldaketa dator. Egunaren lehen zatian goi-hodeiek zerua estaliko duten arren, giroa argia izango da eta hego haizearen ondorioz eguneko tenperatura altuenak orduan emango dira. Eguerdi aldera fronte hotz bat sartuko da mendebaldetik eta eguraldia guztiz aldatuko da: haizeak mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta zakartu egingo da, tenperaturak behera egingo du eta euritara joko du. Gauean gainera, trumoiak jotzeko aukera egongo da".

Irailak 14, asteazkena

"Fresko antzean eta euri kontuekin dator asteazkena. Tenperaturak hozten jarraituko du eta beroenak 20 ºC ingurukoak izango dira. Eguna lainopean igaroko dugu eta ezegonkortasun handiarekin jarraituko dugunez zaparradak edonoiz botako ditu eta tarteka trumoitsuak izan litezke. Haizea mendebal/ipar-mendebaldetik sartuko da, harro samar, batez ere kostaldean eta bertan traba egingo du haizeak".

Informazio eguneratua: euskalmet.net