Emozio handiko eguna atzo Xabier Aranburu, bere lagun, senide eta hainbat eta hainbat herritarrentzat. Mende laurdena, sorterritik urrun espetxeratua izan ostean, 25 urteren ostean, etxean da berriz aginagarra. Atzo goizean utzi zuten aske. Herrera de la Manchako espetxe atarian zain zuen eta senide talde bat. Eta haiekin egin zuen etxerako itzulera. Iluntzean egin zitzaion herrian harrera jendetsu bezain hunkigarria. Etxean da Xomorro.
10 urte eta "egun bat" gehiago
25 urte espetxean bete berriak dituen aginagarrari, orain artean kontuan hartu ez zitzaizkion hainbat erredentzio edo kondena murrizketak aintzat hartu dizkio epaileak. Fiskalak ere ez du errekurritu, ez du helegiterik tartekatu erabaki honen kontra, eta honenbestez, irteera gauzatzeko beharrezko tramiteak bete bezain pronto kaleratu zuten. Astelehenean aske uztea espero zen, baina paperen tramitazioa atzeratu zenez, azkenean atzo irten zen espetxetik Aranburu.
Igande gauean Usurbildik autobusez abiatu zen senide eta herritar talde bat Herrera de la Manchako espetxe atarian zain zituen Xomorrok astelehenaz geroztik. Herenegun aske ez zutela utziko ikusita, ondoko bideoa grabatu eta zabaldu zuten. "Gaur Xomorroren bila etorri gara eta estatu espainiarrak ukatu egin digu berarekin etxera bueltatzea. Baina gu hemen egongo gara, hemen jarraituko dugu Xomorrorekin bueltatzeko etorri gara. Bihar arte eta behar den guztian ere hemen egongo gara. Egoera zailetan ere egin irri, aupa Xomorro!", zioen espetxe atarian bildutako herritar taldeak. Beste herritar talde bat frontoian batzartu zen. Xomorrori elkartasuna adierazteaz gain, azken orduko albisteen berri eman zen eta datozen berriei adi egoteko deia zabaldu zuten.
Espetxetik irtetean, Kerman Errekondo herritarrak honako bertsoa eskaini zion Xomorrori:
Atzoko eguna egun gogorra
izango deguna aintzat.
Etsai gaiztoak maltzurkeriaz
jokatu zuen erabat.
Gu beti tinko, burua hotza,
ez genituen jaitxi galtzak.
Ta gaur gurekin herrira zatoz
amaitu dira egun latzak.
Orain sentitu behar dugu elkar
emanaz besarkada bat.
25 urte sorterritik urrun
Aspaldi behar zuen kalean, baina abuztuan 25 urte bete zituen kartzelan Xabier Aranburu "Xomorro" aginagarrak. 1991ko abuztuaren 17an atxilotu zuten 28 urterekin. "Atxiloaldian tortura eta tratu txarrak jasan zituen baina inoiz ez ziren ikertuak izan", Usurbilen Nahi Ditugu taldetik aditzera eman dutenez. Gerora, "bi bider jipoitua izan zen (1992an eta 1993an) kartzeletako lekualdaketetan. Salaketa haiek ere artxibatu eta ez zituzten ondorio judizialik izan". Geroztik, gutxieneko eskubideak aldarrikatzeko ere gose greba, planto eta hamaika protestaldi egin behar izan ditu aginagarrak. "Ondorioz, parte ugari bildu eta bere kondena luzatu egin diote", Usurbilen Nahi Ditugu taldearen esanetan.
Egun 53 urte ditu. Tarte honetan, lau espetxe ezagutu ditu; Carabanchel, Alcala, Valdemoro eta Herrera de la Mancha. Herreran eman ditu urte gehienak; 2017ko martxorako finkatua zuen espetxetik irteteko data. Baina aipatu moduan, lehenago behar zuen kalean. Lege arrunta aplikatu baliote, baldintzapeko askatasunean izateko eskubidea zuen duela 10 urte. "Gerora ere atzeratu diote bere askatasuna, zehazki, 2015eko martxorako irteera data baitzuen, baina legean egindako moldaketek beste bi urtez luzatu zioten espetxealdia", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik adierazia zigutenez.
Ikasi edota eskulanak egiteko etengabe izan ditu trabak. Halere, bere alderdi sortzailea garatu ahal izan du, bereziki egurra zizelkatzen edo bertso eta poemak idazten. Ezagunak ditugu Aginaga eta Usurbilgo jaietarako idatzi izan dituen bertsoak. "Bere bertso eta poemekin liburuxka bat argitaratu zen 2007an eta Ateramiñeko sailan ere bere lanak argitaratu izan dira", Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak gogorarazi digunez.
Duela bi urte, Euskal Preso Politikoen Kolektiboak hartutako erabakien ildotik, epaitegietan beren herritik gertuen dagoen espetxera eramana izateko eskaera egin zuen 2014ko ekainean "baina helegite guztiak atzera bota ditu Audientzia Nazionalak". Azken egunotara arte, 2017ko martxorako zuen irteera aginagarrak.
Irudia: Herreran den herritar taldeak atera eta zabaldu duen irudia.