Abisu horian gaur, "prezipitazio handiagatik"

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 13a, 07:49

Abisu horian segiko dugu astearte honetan ere, baso-sute arriskuagatik 14:00ak arte eta ordu horretatik aurrera, 20:00ak arte galernagatik. Aldaketa baitator. "Kostaldean haizea bat-batean eta zakar ipar-mendebaldera aldatuko da. Haizearen norabide aldaketa kostaldean mendebaldetik ekialdera hedatuko da eta haize-boladek 50-80 km/h-ko abiadura gaindi dezakete", ohartarazi du Euskalmet-ek. Abisu horian egongo gara baita, 14:00-00:00 artean, "prezipitazio handiagatik. Egunaren bigarren zatian zaparrada txiki-ertainak botako ditu, zenbait lekuetan handiak eta trumoitsuak, bereziki kantauri isurialdean".

Irailak 13, asteartea

"Eguerdi partean eguraldia guztiz aldatuko da. Egunaren hasieran hego ukituko haizea ibiliko denez, tenperatura arin igoko da eta beroenak 28-30 ºC-koak izango dira. Lehen orduetan, baliteke zaparrada trumoitsuren bat botatzea, baina toki gehienetan arratsaldera arte ateri eutsiko dio eta oraindik eguzkia ikusiko dugu. Eguerdi aldera edo arratsaldearen lehen orduetan, haizeak bat-batean mendebal/ipar-mendebaldera egingo du eta orduan aldaketak etorriko dira: lainotuko du eta euri kontuak itzuliko dira. Zenbait puntutan gainera zaparradak mardulak eta trumoitsuak izan daitezke. Arratsaldean freskatze aldera egingo du eta eguneko tenperatura baxuenak egunaren amaieran neurtuko ditugu".

Irailak 14, asteazkena

"Fresko antzean eta zaparrada giroarekin dator asteazkena. Tenperaturak nabarmen egingo du behera eta beroenak 17-20 ºC-koak izango dira. Mendebaldeko haizea bizi ibiliko da, batez ere kostaldean eta giro nahasia ekarriko digu: edozein momentutan itsasotik lainotzarrak sartuko dira eta tarteka zaparradak botako ditu, gainera trumoitsuak izan daitezke. Gauzak horrela, udazken kutsuko giro aldakorra eta freskoa izango dugu".

Irailak 15, osteguna

"Ildo beretik jarraituko du. Hodeiak gailenduko dira zeruan eta edozein momentutan euria egingo du. Zaparradak denera iritsiko diren arren, ipar partean ugariagoak izango dira eta gainera trumoitsuak izan daitezke. Mendebaldeko haizea harro ibiliko da, bereziki itsasertzean, eta tenperatura gradu pare bat igo daiteke".

Informazio eguneratua: Euskalmet