Gurasoak euskalduntzeko saioak, Etumeta AEK-ren ikasturte berriko eskaintzan

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 14a, 09:42

Familia barruko transmisioan eragiteko ikastaro berri bat antolatu du Etumeta AEK euskaltegiak, hasi berri dugun ikasturte honi begira. Gurasoentzako euskalduntze saioak. “Lehentasuna haur txikiak dituzten gurasoei eman nahi zaie”, berri eman digute euskaltegitik. Talde bakarra osatu nahi lukete. 100 orduko ikastaroa izango da, astean bi egunez, bi orduko saioak. Datak zehazteke dituzten arren, azaro inguruan hasi eta ekaina amaierara arte luzatzea aurreikusten da. Udarregi Ikastolan egin asmo dute ikastaroa. “Prezio berezia izango luke”, Usurbilgo Udalak emandako laguntzari esker. Egitasmoa hain zuzen, Etumeta AEK euskaltegia, Udarregi Ikastola eta Udalaren arteko elkarlanez atera da aurrera.

Proba moduan abiatu nahi dute ikastaroa. “Lasartetik dator ideia. Oso ondo funtzionatu zuen duela hiru urte. Ikusten da gainontzean iristen ez ginen guraso kopuru garrantzitsu batengana heltzen ginela. Horrek balio badezake famili barruan eragiteko, primeran”, Etumeta AEK euskaltegitik adierazi digutenez.

Eskuartean dituzten datuen arabera, egun bikoteen gehiengoa mistoa da. Hau da, batek euskaraz daki, besteak ez. “Horrek ekartzen duena da, familia erdi euskaldunak izanik ere, gurasoen arteko komunikazioa erdaraz izatea. Haurrek ere etxean erdara entzuten dute”, ohartarazi dute euskaltegitik. Errealitate hau iraultzen ahalegindu nahi dute, egitasmo honen bidez.

Gainerakoan, ohiko eskaintza

Ikastaro honetan eta AEKren gainerako eskaintzan matrikulatzeko epea zabalik dago jada. Berrikuntza honez gain, 2016-17 ikasturteari begira, euskalduntzeko klaseak eskainiko ditu Etumeta AEK euskaltegiak, astelehenetik ostegunera goiz eta arratsaldez, urriaren 3an hasi eta ekainera arte. Batetik, goizeko ikastaroak; astero bina ordu eta erdiko lau klase izaten dira, astean 10 ordu beraz. Arratsaldeko ikastaroek asteko 8 orduko iraupena dute, saio bakoitzak 2 ordukoa. Euskaltegira joan ezin duenak, autoikaskuntzaren bidea hauta dezake. Tutore baten laguntzaz euskara norbere kontutik ikasi dezake. Astero mintza saio bat izango du. Ikastaro hau bera, online bidez ere egin daiteke AEK-n. Ez ahaztu, %100era arte diruz laguntzen dituela Usurbilgo Udalak, euskara ikastarook.

Azken ohar bat; bi urtean behin ospatzen den Korrika, hogeigarren edizioa, datorren udaberrian ospatuko da. Hitzordu honi begira, “beti osatzen da herri batzordea. Animatu dadila jendea parte hartzera”, luzatu dute gonbita Etumeta AEK euskaltegitik.

Matrikulazioa zabalik

Epea: irailak 30.

Astelehenetik ostiralera: 11:00-13:00 eta 18:00-20:00.

Nagusia, 43

607 609 379.

usurbil@aek.org

www.aek.org

muntteri.blogspot.com.es