Kadete mutilen taldea osatzeko jokalariak behar ditu Usurbil F.T.-k

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 14a, 08:30

Kadete mutilen taldea osatzeko jokalari bila dabil Usurbil F.T. Interesdunek irailaren 15a baino lehen izena eman behar dute Haranen. Denboraldi berezia izango da, hastear duena, futbol taldeen bilgunekoentzat. 40 urte bete berri baititu Usurbil F.T.-k. “Eskerrik asko urteotan parte hartu, lan egin eta Usurbil F.T.ren bizi izateagatik! Gora U.F.T.!”, mezu honekin gogorarazi nahi izan zuten futbol taldeko zuzendaritzak, irailaren 9an 40 urteko bidea osatu zutela. Usurbil Cup txapelketa betean dira asteotan, denboraldiari ere ekitear dira futbol taldeak. Baina urtemuga hau ospatzeko tartea ere hartzekoak dira datozen hilabeteotan. “Ez pentsa ospatuko ez dugunik! Denboraldi honetan zehar ekintza eta ekitaldi gehiago ere izango ditugu. Aurrerantzean informazio gehiago izango duzue”, iragarri dute Usurbil F.T.-tik.

Usurbil Cup abian

Irailaren 2an abiatu zen Usurbil F.T.-k antolaturiko txapelketa, Haranen egin zuten hasiera ekitaldi handi eta koloretsuarekin. Taldeak aurkeztu eta guztiekin batera argazki handia atera zuten, lehen neurketak hasi aurretik. Hilabete honetan zehar, futbol neurketa ugari jokatuko dituzte, sari banaketa handiaren aurretik.

Lehen Hezkuntzatik DBH2ra, maila arte honetan ikasten ari diren ia 34 bat taldeetan banaturiko 400 bat jokalariek parte hartuko dute Usurbil Cup-en. Eta hasi bezala, sari banaketa handiarekin amaituko dute ekimena, aldaketarik ez bada, hilabete honen amaiera aldera.

Jarreran eragin nahian

Bereziki araudian eta jarreran eragin nahi dute aurten ere. “Araudi bat finkatuko dugu eta zorrotz beteko da”, ohartarazi dute Usurbil F.T.-tik. Beste behin gogorarazten dutenez, txapelketa honetako xede nagusia haur eta gaztetxoen parte hartzea sustatzea eta ondo pasatzeko kirol ekimena izatea da.