II. Berdintasun Plana, guztion artean diseinatzeko gonbita

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 16a, 11:28

Denok dugu zer esana, denoi eragiten baitigu gai honek. Usurbilgo Udalak herritarrak bidelagun izango dituen parte hartze prozesu berri bat burutu nahi du, azken urteotan indarrean izan den I. Berdintasun Plana (2010-14) ebaluatu eta datozen urteotarako zutabeak finkatuko dituen bigarrena diseinatzeko. Emakundek diruz lagundu eta Elhuyarrekin elkarlanean egingo den lanketaren baitan, ekarpenak jasotzeko bi bilera deitu dituzte asteotarako herritarrekin. Lehenengoa, irailaren 21erako. Parte hartuko dutenen artean izango dira, sail honetako zinegotzi Josune Estella Arranz, eta parekidetasuneko udal teknikari berria, Maria Salsamendi Luengo. Biek eskaini dizkigute lerrootan, argibide gehiago.

Bigarren plana, lehenengotik abiatuko da noski?

Josune Estella Arranz: Jarraipen bat da.

Maria Salsamendi Luengo: Lehenengo Berdintasun Plan bat diseinatzen denean gehienetan plan orokorrago bat izaten da. Gero lantzen zoazen heinean, zehazten, fintzen zoaz. Bigarren berdintasun plan batek jasotzen dituen helburuak zehatzagoak eta errealitatera eta momentura egokituagoak izaten dira. Usurbilen lehenengoa ebaluatu, eta hortik abiatuta, bigarrena osatu nahi da.

Parte hartze prozesu baten bidez, bi lanok batera egingo dira?

M.S.L.: Bai. Lan ildo desberdinak daude; bat udal barrura begira eta bestea, herritarrek zer pentsatzen duten jaso nahi da. Asko interesatzen zaigu hori jakitea. Parte hartzea bermatzeko bide desberdinak planteatzen dira. Galdetegi batzuk osatzeko aukera izan zuten herritarrek abuztura arte. Bigarren une batean gaude orain. Herritarrei zuzenduriko bilera irekiak antolatu ditugu.

Galdetegi horietako emaitzak jaso dituzue? Zer diote herritarrek?

M.S.L.: Aipatzeko gutxi dugu une honetan. Lanketa hau egiteko Elhuyarreko lan talde bat dago. Beraiek datu horien guztien ustiaketa egiten ari dira.

Zer nolako dinamika izango dute herritarrekin egin nahi dituzuen saiook?

M.S.L.: Egunotan aritu gara Elhuyarrekoekin saio hauei forma ematen. Bi saio izango dira. Lehenengo saioan, orain arte jasotako informazio kuantitatibo horretatik, zer ikusi duten azaleratuko dute. Gero prozesuaren nondiko norakoak azalduko dituzte. Horrez gain, eta garrantzitsuena dena, bertaratzen denak ze ikuspegi duen azaldu ahalko du. Guk hori behar dugu une honetan.

Gaiak denok ukitzen gaitu eta denok izango dugu zer esana. Proposamenon gainean diseinatuko da plan berria?

M.S.L.: Berdintasun plan bat, guztiontzat da garrantzitsua. Zalantzan dagoena hurbildu dadila, guztion iritziak behar baititugu, guztion artean erabaki behar ditugu hurrengo urteotarako lehentasunak.

Plana bera diseinatzeke dagoen arren, baditu ezaugarri batzuk finkatuak? Epea esaterako…

M.S.L.: Lau urterako izango da, 2017-2020 urte arterako, nahiz luzatu daitekeen. Bigarren batek beti sakontasun bat ematen du. Helburuak finkatzerako garaian lanketa bat egina dago. Berdintasun plan bat berdintasun politikak txertatzeko tresna bat da. Usurbilgo herrian pauso asko eman dira tresna hori hor izanda. Aurrera segiko dugu, ondo egindakoak mantenduz eta gehitzen joan behar diren beste batzuk ere eransten.

Lehen planak emandakoaren ikuspegitik, tresna eraginkor edo erabilgarritzat definitu dezakezue?

J.E.A.: Pozik gaude eginiko lanarekin. Gauzak egiteke geratzen dira. Baina gauza asko egin dira, lagungarria izan da.

Egindako horretan zer da nabarmenduko zenuketena?

J.E.A.: Mugimendu feministaren berraktibatzea oso garrantzitsua izan da. Irailetik aurrera berriro martxan jarriko da talde feminista. Genero indarkeriaren eta sexu erasoen aurkako protokoloa sinatu da. Harreman zuzena dugu hezkuntza zentroekin, berdintasuna lantzeko. Formakuntza jaso dugu politikariok, udal langileekin ere saioak martxan jartzeko asmoa dugu.

M.S.L.: Sexu aholkularitza gunea martxan jarri da, hezkidetza programa hezkuntza baliabideekin, indarkeriaren inguruko gaia ere landu da, sinatu da protokoloa, ahalduntze eskolak martxan jarri dira…

J.E.A.: Arrakasta itzela izan dute. Gero eta jende gehiago parte hartzen ari da. Eskolak finkatuta daude, baina gehiago martxan jartzeko asmoa dugu.

“Plazara ateratzen jarraitu behar badugu, horrek adierazten du, lanketa handia dugula egiteke”

Udako jaietan ikusi ditugun mobilizazioak inoizko jendetsuenak izan dira. Pixkanaka plazaratzen doa emakumeen aurkako erasoen salaketa?

J.E.A.: Uda honetan ikusi dugun aktibazioarekin, jendea mugitu da protestetan. Itxaropena dut jende gehiago aktibatzea eta konturatzea benetan oso gai garrantzitsua dela, emakume asko arriskuan baitaude. Lanketa handia egin behar dugu.

Berdintasun Planak salaketez haratago, baliabideak eskaintzen ditu, parekidetasuneranzko bidea jorratzeko. Bide horretan gara edo bide horretara gerturatzen ari gara zuen ustez?

M.S.L.: Batzuk bidean gaudela argi dago. Bidean egoteak ordea, ez du esan nahi lana egina dagoenik. Azkenean bidean zaudenean batzuetan kontzienteago ere izaten zara zenbat lantzeko dugun. Ibilbidea egiteke dago oraindik. Gauza asko aldatu dira; berria da akaso batzuentzat, zer nolako mobilizazio jendetsuak egin diren udako jaietan. Baina plazara ateratzen jarraitu behar badugu, horrek adierazten du, lanketa handia dugula egiteke.

Denok eragin dezakegu.

M.S.L.: Noski. Bakoitzak ahal duen neurrian, bere eremutik. Lanean segiko dugu.

Plan berriak ere eremu ezberdinetan eragin nahiko luke?

M.S.L.: Eremu nagusi batzuk beti daude presente. Zeharkakotasuna, indarkeria, emakumeen ahalduntzea eta erantzukidetasunarena, horiek dira beti Berdintasun Plan batek jorratzen dituen lan ildo nagusiak. Gero ikusiko da nola joango garen zehazten.

Datozen partaidetzazko saioei begira. Zer esan gai honek berarekin zer ikusirik ez duela pentsa dezakeenari?

M.S.L.: Guztiontzat da garrantzitsua. Herri eta jendarte parekide batean bizitzea denontzako da onuragarria. Denon onurarako bada, nola ez dugu denok zerbait esateko izango! Jendea hurbiltzera gonbidatuko nuke noski. Ahalik eta ekarpen gehiago, ahalik eta errealago, sentsibilitate asko jaso daitezke. Orduan eta aberatsagoa izango da.

J.E.A.: Denon iritziak dira interesgarriak eta beharrezkoak. Halako gai bat taldean lantzean etekin handia ateratzen da.

“Gauza asko egin dira esparru honetan”

Udal teknikari berria zaitugu Usurbilen.

M.S.L.: Maiatza bukaeran hasi nintzen. Beste teknikari bat zegoen aurretik, herrian lan handia egin duena. Oraindik egokitzen, ikusten eta ikasten ari naiz. Pozgarria da, herri honetan gauza asko egin direla ikustea.

Ze inpresio duzu herri honetaz?

M.S.L.: Herri txikia da Usurbil. Halere gauza asko egin dira esparru honetan. Horrek poztasun handia ematen du eta hortik jarraitu nahi dugu. Berria naizen honetan, galdetu eta galdetu hortxe gabiltza. Oso gustura, herrian egin zaidan harrera kontuan izanda. Ahalik eta ekarpen gehien egiten saiatuko gara.

Epe motzera, baduzue bestelako egitasmorik?

M.S.L.: Urriaren 15ean larunbata, 3. Usurbil Herri Anitza jaialdia ospatuko da. Prestatzen ari gara. Ahalduntze ikastaroak martxan ditugu, Sexu Aholkularitza Gunea baita…

II. Berdintasun Plana diseinatzeko hitzorduak

Irailak 21, asteazkena

18:30 Potxoenean.

Urriak 13, osteguna

18:30 Potxoenean.

Informazio gehiagorako:

Parekidetasun Saila, Nagusia

parekidetasuna@usurbil.eus

943 377 110

Teknikaria: Maria Salsamendi Luengo.