Donostiako kanpaldi iraunkorra amaitutzat eman zutenean, uda hasieran itzuliko zirela iragarri zuten. Hitza bete dute. Erraustegiaren eta eliteen aurkako mugimendua kalean da berriz. Iraila hasieran eginiko zenbait asanbladen ostean, Zinemaldiaren hasiera zela eta, batzarra deitu zuen atzo Gipuzkoa Zutik-ek, Bulebarreko Kioskoan. Erraustegiaren gaia zertan den azaldu zuen Joxe Mari Irazusta usurbildarrak. Zubietako Herri Batzarreko kide Itziar Bastarrikak, zero gunetik hurbilen dagoen herri guneak mehatxu honi urte luzez nola aurre egin dieten azaldu zuen. Urteotan herriarekin eginiko elkarlana nabarmendu zuen eta aurrean zituenak eskertu. "Zuei esker, herriak beste bizipoza du. Haien (zubietarren) izenean eskerrak", adierazi zien Bastarrikak. Aurrera begira lanean jarraitzeko deia egin zuen; "ez dugu etsi behar" zioen.
Gainera datorkigun udazken "beroa" ere ahotan hartu zuten batzarrean. Gogoan izan, uztaila amaieran Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak erraustegia eraiki eta kudeatzeko pleguak onartu zituela eta ordutik bi hilabeteko tartea zutela proiektu honetan interesa izan dezaketen enpresek, euren eskaintzak aurkezteko. Egutegia eskutan, urria aldera espero da erraustegia eraikitzeko lanak esleitzea, 2017ko urtarrilean lanak hastea eta legegintzaldia amaitzerako, hau da, 2019ko udaberrirako Foru Aldundiak erraustegia eraikia egotea aurreikusten du.
Datorrenari begira, dagoeneko lehen ekimenak deitzen hasiak dira urrirako; esaterako, GuraSOSek mobilizazio handi bat iragarria du. Usurbilen herri galdeketa egingo da bestalde, urriaren 21, 22 eta 23an. Gipuzkoa Zutik mugimenduak aurrera begira zer egin dezakeen erabakitzeko, hurrengo urratsak definitzeko, asanblada deitu du irailaren 30erako arratsaldeko 18:00etan, Donostiako Bulebarreko Kioskoan.
Erraustegiaren aurkako aldarria, Zinemaldi barruan
Batzarraz gain, eta Donostiako Zinemaldiaren hasiera zela eta, dotore asko jantzi eta alfonbra gorri alternatiboa antolatzeko asmoa zuen Gipuzkoa Zutikek. Bulebarreko kioskotik abiatu zuten kalejira baina Bretxa parea pasata, Kursaalerantz joatea eragotzi zien Ertzaintzak. Halere, sare sozialetan zabaldu den moduan, erraustegiaren aurkako aldarria, Kursaal barruan ospatu zen Zinemaldiko irekiera ekitaldiraino sartzea ezin izan zuten saihestu. Euskal presoen eskubideen aldeko aldarria ozen entzun zen hasiera ekitaldian. Baita erraustegiaren aurkakoarena ere. Gipuzkoa Zutikeko kide bat, eszenatokira igo eta erraustegiaren aurkako pankarta zabaltzen ahalegindu zen, erraustegiaren aurkako oihu artean. Segundu gutxiko tartean, berehala bertatik aterarazi zuten. Bertrand Tavernier zinemagileak egoera ikusita “Donostia beti da harrigarria” zioen. Honatx pasartea, EITB-k kaleratu duen bideoan: