Duela 80 urte herriaren alde egin zutenak omendu ditu Aitzaga Elkarteak

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 17a, 15:54

Gaurko egunez, duela 80 urte, Francoren tropek Usurbil hartu zuten. 36ko Gerra betean ginen. Eta beste hainbat tokitan bezala, herri hau ere kolpatu zuten gertakari latz haiek. Urte haietako fusilatu, espetxeratu eta erbesteratuen artean, behartutako lanak egitera kondenatu zituztenen artean, errepublikarren frontean guztia eman eta bizia galdu zutenen artean ere bazen usurbildarrik. Duela 10 urte oroimenerako plaka jarri zutenean egin moduan, tropa faxistek udalerri honetan sartu zirela 80 urte bete diren egun honetan haiek guztiak oroitu nahi izan ditu Aitzaga Elkarteak, gaur eguerdian Askatasuna plazan antolatu duen ekitaldi berezian. Urte haietan gertaturikoaren ezagupen osoa izan ez eta izuagatik hainbat gauza isildu eta orduan jazotakoaren transmisio handirik egon ez arren, "ezagutzen ditugunak bederen gure herriarengatik egindakoa publikoki aitortzea merezi dutelakoan gaude", zioten antolatzaileek. Horregatik, banan bana izendatu dituzte ekitaldian zehar. Ondoko bideoan entzun ditzakezue herritar haien izen abizenak.

Joseba Tapiak jarri dio doinua ekitaldiari. Xabier Arregi alkateak, gai honetan egiten ari den lanketagatik Aitzaga Elkartekoak zoriondu eta bide honetan, oroimenean sakontzeko deia egin du. Duela 80 urteko gertakariez ez ahaztea, orduan jazotakoa orainari lotzea eskatu du. "Orduan gertatutako hori lotzea, jostea ordutik hona egin dugun ibilbidearekin. Euskal Herriaren borroka ezin baita ulertu, katebegi horien loturarik gabe", alkatearen esanetan.

Ekitaldiko hainbat pasarte ondoko irudietan eta bideoan bildu ditugu.

Goizean egitekoak ziren Txaldatxurrerako irteera bertan behera utzi behar izan dute antolatzaileek, eguraldi txarragatik. Hitzordu honekin, amaitu dira, 36ko Gerraren 80. urtemuga oroitzeko Aitzaga Elkarteak deituriko ekitaldiak. Ostegunean hasi zuten zikloa, Sutegin ospatu eta interes handia piztu zuen "Memoria eta Aztarnak" hitzaldiarekin.