Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldearen hitzaldia, irailaren 29an Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2016ko ira. 20a, 08:28

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) bi kideek hitzaldia eskainiko dute irailaren 29an, 19:00etan Sutegiko auditorioan. Xabier Mitxelena familia-medikuak eta Joxe Ramon Furundarena mediku hematologo usurbildarrak. Hiru ordu laurdeneko hitzaldia izango da, euskaraz. Eta gero, galderak egiteko tartea egongo da. Hala berri eman diote NOAUA!ri, ekitaldia antolatu duen Erraustegia Erabakia herri plataformatik.

Alternatiben inguruko solasaldia

"Hondakinen errausketari aurre egiteko irtenbideak bilatzen" izeneko solasaldi eta eztabaida saioa antolatu du Greenpeace erakundeak, ostegun honetarako, irailak 22, 19:00-21:00 artean Euskal Herriko Unibertsitateak Ibaetan duen kanpusean, Ignacio Maria Barriola eraikinean (Elhuyar plaza, 1-Europa plaza). Greenpeace erakundeko kide Julio Bareak parte hartuko du, Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko kide Jose Luis Paulin Seijas medikuak, GuraSOS mugimenduko kide Joseba Belaustegik eta Gipuzkoako Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorako kide Juanmi Galatasek. Jose Luis Lopezek bideratuko du saioa.

Argibide gehiagorako, antolatzaileekin hartuemanetan jartzeko bideok dituzue: euskadi@greenpeace.org eta 664 06 28 45.

Sinadura bilketa

Zubietan eraiki nahi duten erraustegiaren aurka, sinadurak biltzeko ekimen berria abiatu du Urnieta Bizirik taldeak, change.org atarian. Astelehen goiz honetarako 1.979 sinadura bilduak zituzten. "Zubietako erraustegiaren aurkako sinadura bilketara batu zaitez! Denon artean hura martxan ez jartzea lortuko dugu", luzatu dute gonbita Facebook bidez.

Erraustegiaren aurkako agenda

Irailak 22, osteguna

19:00-21:00 "Hondakinen errausketari aurre egiteko irtenbideak bilatzen" jardunaldia Donostian.

Antolatzailea: Greenpeace. Parte hartzaileak: GuraSOS, OEIT, Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadora eta Greenpeace.

Irailak 29, osteguna

19:00 Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldearen (OEIT) hitzaldia Sutegin. Hizlariak: Xabier Mitxelena familia-medikua eta Joxe Ramon Furundarena mediku hematologo usurbildarra. Galderak egiteko tartea egongo da.

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia herri plataforma.

Irailak 30, ostirala

18:00 Gipuzkoa Zutik mugimenduaren batzarra Donostiako Bulebarreko kioskoan.

Deitzailea: Gipuzkoa Zutik.

Urriak 21, 22 eta 23

Erraustegiari buruzko herri galdeketa Usurbilen.

Egunak: urriak 21 (ostirala), urriak 22 (larunbata) eta urriak 23 (igandea).

Galdetuko dena: "Erraustegia egitea nahi al duzu?".

Erantzun posibleak: "Bai" eta "Ez" dioten bi bozka paper izango dira aukeran.

Nortzuk parte hartu ahalko duten: 16 urtetik gorako Usurbilen eta Zubietan erroldaturiko herritarrek. Guztira, 4.106 lagunek izango dute bozkatzeko aukera.

Galdeketa auzoka:

Urriak 21, ostirala: 16:00-20:00 Aginaga.

Urriak 22, larunbata: 9:00-14:00 Santuenea.

Urriak 22, larunbata: 16:00-20:00 Zubieta.

Urriak 23, igandea: 9:00-20:00 Kaxkoa.

Oharra: edozein mahaitan bozkatu ahalko da, norberari ondoen datorkion egun eta orduan.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa: 

-DNI-NAN, EHNA+Errolda agiria, pasaportea edo gidabaimena.

-Espainiar estatuak herritartzat hartzen ez dituen pertsonek dokumentuotako bat erakutsi beharko dute: bizileku-txartela, jatorrizko estatuak jaulkitako nortasun agiria edo pasaportea, nortasun agiria/ziurtagiria, edo gidatzeko baimena.

Oharra: kasu guztietan, aurkeztu beharreko dokumentazioan bizitokia Usurbil edo Zubieta dela agertu beharko da. "Hala ez bada, Udalaren erroldatze ziurtagiria eraman beharko da".

Informazio gehiago:

erraustegiaerabakia.wordpress.com

erraustegiaerabakia@gmail.com

Twitter: @U2erabaki

Antolatzailea: Erraustegia Erabakia Herri Plataforma.

Urrirako aurreikusia dagoena:

-GuraSOSek deituriko mobilizazio handi bat.

Ekimen gehiago:

-Erraustegia Erabakia herri plataformak urrirako deitu duen galdeketa diruz laguntzeko kamisetak salgai NOAUA! K.E.-ren egoitzan.

-Sinadura Zubietan eraiki nahi diguten errauste planta proiektua geldiaraztea eskatzeko sinadura bilketa: Erraustegia geratu